Korrika Kulturalak hainbat auzo zipriztinduko ditu asteburuan
Hilabete eskas gelditzen da 22. Korrika Donostiara heltzeko, baina Korrikaren giroa hirian da dagoeneko, Korrika Kulturalaren barruan, askotariko jarduerak antolatzen ari baitira auzo askotan.
(Argazkia: Iñaki Agirre) Apirilaren 10ean iritsiko da 22. Korrika Donostiara, baina horretarako gelditzen den hilabete honetan, hiria Korrikan murgilduko da, Korrika Kulturalaren bidez. Asteburu honetan, esaterako, jarduerak antolatu dituzte Donostiako hainbat auzotan gaurko, biharko eta etzirako.
Gaur bertan, bi jarduera antolatu dituzte San Martin auzoan: 12:00etatik 14:00etara sagardo dastaketa egingo dute auzoko tabernetan (Ciabogan, Lobon, Sebastopolen, Ondartzan, Ostarten eta Pellon), eta, 19:00etan, Sagarretik urrea hitzaldia eta sagardo dastaketa eskainiko dituzte Sukaldean jatetxean.
Antiguako Txirain elkartean ere jarduera bat antolatu dute gaurko, ardo dastaketa musikatua egingo baitute, 19:30ean. Horrez gain, Parte Zaharreko Arrano elkartean garagardo dastaketa egingo dute. Izan ere, Boga eta Saltus etxeek garagardo berezi batzuk egin dituzte Korrikarako: Hitz eta Ekin. Bata Bogak sortu du bestea Saltusek, eta produktu hauek probatuko dituzte parte hartzaileek. Izena eman behar da donostia@aek.eus helbidean, eta 10 euro balio du dastaketa saioetarako izen emateak.
Bihar San Martin auzoan baita ere, Eskola dantza taldearen emanaldia eskainiko dute 12:00etan, auzoko kaleetatik. Honako ibilbidea egingo du: Manterola kalea, Blas de Lezo kalea, Londres Hotela, Kontxako erlojuak eta Campoamor plaza.
Azkenik, etzi ere San Martin auzoan egongo da fokua, Zurartean elkarteko txalpartarien ikuskizunaz gozatu ahal izango da Kontxako erlojuetan, 17:00etan.
