Ultraeskuinak egoitza bat ireki du Donostian
Donostiako Udalean zinegotzi bat bera ere izan gabe eta gizartearen oso babes gutxi izanda ere, Vox Espainiako alderdi ultraeskuindarrak egoitza bat ireki du Donostian; Federico Garcia Lorca pasealekuko 10. zenbakian. Javier Ortega Smith alderdiko idazkari nagusia, Gipuzkoako Voxeko lehendakari Juan de Dios Davila eta Eusko Legebiltzarreko Voxeko parlamentari Amaia Martinez izan dira inaugurazioan, alderdi ultraeskuindarraren aldeko hamabost bat herritarrekin batera.
Era berean, Donostiako Kontseilu Sozialistak deituta, 50 bat gazte antifaxista egoitzaren aurrean elkarretaratu dira, eta faxismoaren aurkako oihuak eta aldarrikapenak entzun ahal izan dira beraien partetik. Izan ere, Voxek mezu arrazistak, matxistak, xenofoboak eta homofoboak helarazten ditu sortu zen egunetik. Era berean, zenbaitetan Francoren diktadura defendatu izan dute; besteak beste, Santiago Abascal alderdiko liderrak Espainiako Diputatuen Kongresuan esan zuenean egungo Espainiako Gobernua “80 urtean okerrena” dela, Franco diktadorearen gobernua aintzat hartuta. Donostian ireki duten egoitzaren kaleari izena ematen diona, hain zuzen ere, Voxek inoiz gaitzetsi ez duen Franco diktadorearen tropek ezkertiarra eta homosexuala izateagatik eraildako Federico Garcia Lorca poeta da –oraindik ez dituzte bere hezurrak aurkitu–.
Jarraian, ultraeskuinaren aurkako mobilizazioaren zenbait irudi, bideoan:
17:00etarako zegoen iragarrita inaugurazio ekitaldia, eta ordurako Ertzaintza han zen, istiluen aurkako uniformez jantzitako agente ugarirekin. Lider ultraeskuindarrak egoitzatik atera direnean, kazetari batzuek adierazpenak barruan egiteko eskatu diote Ortega Smithi, baina honek ezezkoa eman du; kanpoan egon nahi zuen, Ertzaintzak hesitutako gunean. Gerora, nahiz eta bereziki jende asko ez egon, adierazi du ezin zirela denak barrura sartu, ez zirelako sartuko. Manifestarien aurkako zenbait deskalifikazio egin ditu lider ultraeskuindarrak, eta nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoko “hiru lurraldeetan egoteko helburua bete” dutela Donostiako egoitzarekin. Era berean, esan du gero eta babes handiagoa daukatela euskal gizartean, nahiz eta datuek dioten oso babes txikia dutela.
Bozen %2 inguru
Azken urteotan gorakada nabarmena izan du ultraeskuinak Espainiako Estatuan –Voxek 52 diputatu dauzka Espainiako Kongresuan–, baina Euskal Herrian oso babes txikia du. Donostian, zehazki, botoen %2,22 eskuratu zuen 2020ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, 1.751 boto. Espainiako Diputatuen Kongresurako azken hauteskundeetan, 2020an, antzeko emaitzak lortu zituzten: botoen %2,73 (3.016 boto). Udal hauteskundeetan, 2019an, botoen %1,29 izan zuen alderdi ultraeskuindarrak hirian, 1.238 boto.
Ez da Vox Donostiara etortzen den lehenengo aldia izan gaurkoa, 2020ko uztailean Loiolan izan baitziren, eta 2020ko ekainean Alderdi Ederren; bi kasu horietan, istiluak gertatu ziren.