CNIk baztertu egin du Mikel Zabalzari buruzko informazioa argitaratzea

Espainiako Senatuko hogei senatarik hilaren hasieran CNI Espainiako zerbitzu sekretuen erakundeari eskatu zioten Mikel Zabalzari buruz duen informazioa argitaratzeko, baina erakundeko zuzendari Paz Estebanek uko egin dio eskaerari, argudiatuz ez dela legezkoa informazioa publiko egitea, aurretik desklasifikatu gabe. Geroa Baiko Koldo Martinez senatariak egindako eskaera zen, eta EAJk, EH Bilduk, ERCk, Ezker Konfederalak eta JxCk bat egin zuten.
Geroa Bairen arabera, Estebanek azaldu du Zabalzaren inguruko dokumentuak “existituko balira ere”, 1968ko Sekretu Ofizialen Legearen arabera, ezingo lituzkeela publiko egin, baldin eta aurretik ez badituzte desklasifikatzen. Hain zuzen ere, Zabalzaren inguruko informazioa sekretu gisa dago klasifikatuta, eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez, berriki, prest agertu da dokumentu horiek desklasifikatzeko, baina soilik justiziak hala eskatzen badu.
Eskaera babestu zuten alderdiek azaldu dutenez, ordea, Sekretu Ofizialen Legeak ez du eraginik Kongresuaren eta Senatuaren eskaeretan, eta bi kamerek sarbidea izan behar dute eskatu dezaketen edozein informazio jasotzeko. CNIren arabera, aldiz, ez dago legedirik Senatuari material klasifikatua ematea arautzen duena.