ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak espetxeetan "bi mailatako langileak" egotea ahalbidetuko duela

ELA sindikatua mobilizatu egin da astelehen goizean Martuteneko espetxearen aurrean, salatzeko Eusko Jaurlaritzak “bi mailatako langileak” sortu nahi dituela bere eskumeneko kartzeletan. “ELAk duela hilabete batzuk salatu zuen UGTk eta Eusko Jaurlaritzak gutxiengoan sinatutako akordioa ez zela nahikoa eta euskal espetxeen kudeaketan arazoak sortuko zituela. Gaur egun, argi dago langileen egoera oso larria dela, peonadak eginez, aparteko orduak izugarri handituz, eta txanda bikoiztuz, baita kasu batzuetan hirukoiztuz ere. Eusko Jaurlaritzak berak sortu duen prekarietatea aprobetxatuz, langileen artean bi mailatako langileak sortuko dituen proposamena egin du orain negoziazio mahaian”, salatu du sindikatuak.
ELAren arabera, lekualdatze lehiaketatik edo lan-poltsatik Euskal Autonomia Erkidegoko kartzeletara helduko diren 65 langileen lan baldintzak 2021eko urriaren 1eko “transferentziarekin etorritako langileenak baino okerragoak” izango dira: “Lan bererako, soldata aldea urtean 1.200 eurokoa izan daiteke. Lanaldia ere desberdina izango litzateke kasu batzuetan, 32 eguneko igoerarekin: jaiegunen konpentsazioan hamasei lanegun gal daitezke, eta baimen psikologikoan 16-21 eguneko aldea. Gainera, Eusko Jaurlaritzak lantaldea osatzeko falta diren langileak kontratatzeko lan poltsak sortzea proposatu du”. “Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak behin-behinekotasuna areagotu nahi du, eta ez du inolako euskara eskakizunik eskatzen, espetxe sistema euskalduntzeko prozesua zailduz”, gehitu du sindikatuak. ELAk dio langileen arteko maila desberdinak sortzea “onartezina” dela, eta horren “azken helburua langile guztien baldintzak jaistea” dela deritzo.
Bestalde, ELAren arabera, “laguntzaileen kidegoko aldi baterako langileen lan poltsan sartzen diren langileek ez dute berariazko prestakuntza teoriko praktikorik egingo beren jarduerari ekin aurretik. Eusko Jaurlaritzak jarduera praktiko presentzialeko hamar jardunaldi egiteko deialdia egingo die, baina horrek ez die espetxeetan lan egiteko gaitasunik ematen”. ELAk salatu du prestakuntza hori ez dela “nahikoa”, eta “arriskuan” jartzen dituela “langileen eta presoen osotasun fisikoa eta psikologikoa”. Horregatik guztiagatik, sindikatuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza “arduragabekeriaz” jokatzen ari dela espetxeetako kudeaketan.