Garaipenaren bidetik jarraitzen du Bera Berak

Duela aste batzuk Malagaren aurka galdutako partida lapsus bat baino ez zela izan erakusten ari da Bera Bera, laster itzuli baitzen garaipenaren bidera, eta hala jarraitzen du, ligako lidergoari sendo eutsiz. Hain zuzen ere, larunbatean 32-17 irabazi zion Porriñori etxean. Horrez gain, Bera Bera Valladoliden kontra ariko da Donostian jokatuko den Espainiako Kopako lehen kanporaketan. Apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitarte izango da, Illunben.
Izotz hockeyan, historia egin du Txuri Urdinek asteburuan, lehendabiziko aldiz irabazi baitu emakumezkoen liga. Madrilen eskuratu dute titulua, Majadahondari finaleko bigarren partida ere irabazita (2-3).
Futbolean, Realak partida ona jokatu zuen igandean Sanchez Pizjuan estadioan, baina ez Reala eta ez Sevilla ez ziren gai izan markagailuko berdinketa hausteko. Horrela, ligako seigarrenak dira txuri-urdinak, eta Europako postuei eusteko gogor borrokatu beharko dute gelditzen diren jardunaldietan.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek aise irabazi dio asteburuan Campus Prometeri: 57-39. Goiko postuetan jarraitzen dute donostiarrek, bosgarren sailkatuak baitira. Gipuzkoa Basket, aldiz, ez da gai izan Palentzia garaitzeko, 68-74 galdu baitzuen etxean. Horrela, sailkapenaren erdialdean daude donostiarrak, hamaikagarren postuan.
Azkenik, belar hockeyan, Realak gutxigatik galdu zuen Sanse Complutenseren aurka: 1-0. Ligako zortzigarren sailkatuak dira txuri-urdinak.
EMAITZAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako finala
- Majadahonda 2 – Txuri Urdin 3
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 18. jardunaldia
- Bera Bera 32 – Porriño 17
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 29. jardunaldia
- Sevilla 0 – Reala 0
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 25. jardunaldia
- Ibaeta Basket 57 – Campus Promete 39
Gizonezkoen LEB Oro liga, 24. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 68 – Palentzia 74
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 13. jardunaldia
- Sanse Complutense 1 – Reala 0