Martxan da Igeldon Tokiko Entitate Txikia sortzeko parte-hartze prozesua

Abian da Igeldoko Tokiko Entitate Txikiari buruzko partaidetza prozesua. Atzo izan zuen lehen mugarria Igeldoko frontoian egin zen bilera irekian. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal talde politikoetako ordezkariek –udalean Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko eratu den lantaldean parte hartzen dute–, Igeldoko Herri Kontseiluko kideek eta hirurogeita hamar bizilagun inguruk parte hartu zuten.
Tokiko Entitate Txikiari buruzko oinarrizko informazioa jaso zuten bertaratu ziren igeldotarrek: zer den, zertarako aukera ematen duen eta zein den jarraitu beharreko prozedura. Bertan gogorarazi zuten, halaber, Donostiako Udaleko udalbatzak aho batez hartua duela Igeldon Tokiko Entitate Txikia sortzeko erabakia. Orain, entitate hori nolakoa izango den, zer eskumen edukiko duen eta nola kudeatuko diren definitzeko unea da. Tokiko Entitate Txikia definitzeko lan horretan, udal zerbitzu teknikoen eta udalak zeregin horretarako kontratatu duen Siadeco Ikerketa Elkartearen arteko lanketa teknikoaz gain, igeldotarren parte-hartzea funtsezkoa izango da. Atzoko saioan bertan izan zuten lehen aukera, Igeldoko zerbitzuen eta lehentasunezko arloen inguruko parte-hartze dinamika batekin.
Hiru fase edukiko ditu diseinatu duten partaidetza prozesuak. Lehenengoan, atzoko bilera irekiaz gainera, online galdetegi bat erantzuteko aukera dute igeldotarrek, Donostiako Udaleko Herri Partaidetza zerbitzuaren webgunean. Informazio gehiago jasotzeko, udala_partaidetza@donostia.eus helbide elektronikora edo 943 481 356 telefono zenbakira dei dezakete.