Udan Saharako haurrak ekartzeko harrera-familien bila ari dira Donostian

Donostiako Udalak jakinarazi du aurtengo udan Oporrak Bakean programa itzuliko dela, eta harrera-familien bila ari dira hilabetez Saharako haurrak etxean hartzeko. Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, Fronte Polisarioko Gazteria eta Kirol Ministerioak kanpaina honen oinarriak aldatu ditu, eta hemendik aurrera, eskatzen den haur kopurua baino ez da etorriko. Gainera, 2014ko lehen hiruhilekoan jaiotakoak bakarrik etorriko dira, hau da, 8 urte betetzen dituztenak bakarrik. Aldaketa handia da, izan ere, azken urteetan 14 urtera arteko haurrak etorri baitira osasun arrazoiengatik. Harrera-familiek martxoaren 27ra arte egin ahal izango dute eskaera.
Ane Oyarbide Lankidetzako zinegotziak adierazi duenez, “basamortuko bizi-baldintzak berez ez dira batere onak, eta azken aldian pandemia eta gerraren itzulera gehitu behar zaizkio horri. Saharako haurren egoera larriagotu egin da, bereziki beraiek baitira biktima nagusiak. Aurten, inoiz baino gehiago, hilabete bat merezi dute agertoki horretatik kanpo, haurtzaroaz gozatu eta Donostiako egonaldia baliatu dezaten azterketa medikoak eta antzerakoak egiteko”.
Esteka honetan aurki dezakezue informazio gehiago.