Alkatearen ustez, "merezi du" Morlans eta Loiola arteko trenbidea lurperatzeko proposamena "kontuan hartzea"
Amara Berriko auzo elkarteak Morlansen eta Loiolaren arteko trenbidea lurperatu dezatela eskatzeko kanpaina abiatu du, Atsedena bai, zarata gehiago ez! Morlans-Loiolaren lurperatzea orain! lelopean, eta sinadura bilketa egin zuten larunbatean auzoan; 500 sinaduratik gora bildu zituzten.
Gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak adierazi du “oraindik” ez duela aukerarik izan auzo elkartekoekin hitz egiteko, baina aukera hori izatea aurreikusten duela. Era berean, begi onez ikusi du proposamena: “Ez zait gaizki iruditzen proposamena, baina aztertu egin beharko da, noski. Aztertu beharko da zer aukera dauden proposamena gauzatzeko, eta, egitekotan, proiektua aurrera eramango lukeenarekin hitz egin beharko litzateke, Jaurlaritzaren eskumenekoa baita. Baina, bueno, uste dut merezi duela behintzat proposamena kontuan hartzea eta aztertzea”. Larunbat honetan, hilaren 26an, beste sinadura bilketa bat egingo dute: Arcco merkataritza gunearen atzealdean izango da, 11:00etatik 13:00etara.