Astelehenean abiatuko dute Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren berrikusketa prozesua
Donostiako Udal Gobernuaren konpromisoetako bat da legealdi honetan Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren (HAPO) berrikusketa prozesua abiatzea, eta Eneko Goia alkateak Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, astelehenean egingo dute berrikusketa prozesuko lehenengo saio publikoa: 19:00etan, udal batzar aretoan.
Parte hartze ekitaldi bat izango da, Goiaren hitzetan “prozesu honek guztiak parte hartzen prozesu etengabe bat duelako bere barruan”. Hirigintza arloko bi arkitektok hartuko dute parte saioan, berrikusketaren aurrerapena idazteko lana adjudikatu zaien arkitektoek, hain zuzen ere. Alkateak nabarmendu du herritarren parte hartzeak garrantzia handia izango duela prozesu guztian zehar. Berrikusketaren lehenengo pausoa, aurrerapena deritzona, legealdia amaitu aurretik onartuta egotea aurreikusten du udalak.
2021eko abuztuan onartu zuten berrikusketaren kontratazio espedientea. Zehatzago, herritarrentzako parte-hartze programa eta herritarrek egiten dituzten ekarpenekin diagnostiko bat, hiri antolaketari buruzko informazio guztia eta planaren berrikuspenaren aurrerapena jasoko dituen dokumentua egiteko zerbitzua kontratatzeko adjudikazio prozesua onartu zuten. 968.000 euroko lizitazio prezioa izango zuen kontratuak, eta aipatutakoa erredaktatzeko hemezortzi hilabeteko epea.
Goiak azaldu du HAPO “oinarrizko tresna” dela udalarentzat eta hiriarentzat, “ordenazio osoa bertan jasotzen delako eta lurren klasifikazioak egiten direlako”. Era berean, gogorarazi du gaur egun indarrean dagoen plana 2010ean onartutakoa dela, duela hamabi urte, alegia. Eta, gaineratu du zailtasun batzuk sortu dituela planak azken hamabi urteotan: “Plan horrek 2008an erabiltzen ziren zenbakiak erabili zituen eta horrek arazo asko sortu ditu, 2008ko etxebizitzen prezioak eta bestelako zenbakiak oso altuak zirelako, eta higiezinen burbuila lehertu zenean hori aldatu egin zen. Beraz, hamabi urteotako ibilbidea ez da erraza izan plan horrekin. Bestalde, esan beharra dago gauza berriak ere sartu direla, plan horrek behar bezala kontuan hartzen ez zituenak: lege aldaketa handiak, bizitzeko modu desberdinak, elkarbizitza ereduak, ingurumenari buruzkoak, klima aldaketaren aurkako borrokari buruzkoak, genero ikuspegiari buruzkoak, euskararen ingurukoak, eta abar”.