Infernua urbanizatzeko proiektua onartu dute

Donostiako Udalak onartu du Ibaetako Infernua auzunea urbanizatzeko proiektua, 13.081.674 euroko aurrekontuarekin eta gauzatzeko hemezortzi hilabeteko epearekin. Orain, hogei egunez egongo da esposizio publikoan, eta ondoren onartuko dute behin betiko, aurkeztu daitezkeen alegazioak aztertu ostean.
Eneko Goia alkateak nabarmendu du Infernuko urbanizazio proiektuak “eremu degradatu baten hiri berroneratzea” dakarrela, “antolamendu mistoaren alde eginez, non bizitegi erabilerak zein hirugarren sektoreko erabilerak egongo diren”. Era berean, gaineratu du “hiriaren sarreretako bati irudi berri bat” emango diola. Azken urteotan, egoera zaurgarrian dauden pertsona ugarik Infernuko eraikinak erabili izan dituzte bizitzeko, eta 2020an Fabrika pabiloia hustu zuten arren –60 bat lagun kaleratu zituzten–, Infernua Bizirik plataformak aurtengo urtarrilean ohartarazi zuen oraindik hainbat pertsona bizi direla gunean.
Bi eremu
Infernua urbanizatzeko proiektuak auzunean bi eremu sortuko ditu: hirugarren sektoreko erabilerarako eremua eta bizitegi eremua. Lehenengoa Infernuaren hego-ekialdeko muturrean eraikiko dute, 8.130 metro koadroko sabai tertziario eraikigarria duen gunean. Zuatzu aldera doan Zubiberriko bidearekin lotuta dago gune hori, eta zuzeneko sarbidea du biribilgune berritik.
Bizitegi eremuari dagokionez, 46.025 metro koadroko sabaia dauka, hirugarren sektoreko erabilerarako erabiliko duten eremuaren eta gaur egun han dagoen kontzesionarioaren artean egongo da. 540 etxebizitza eraikiko dituzte han: 270 babes publikokoak eta 270 libreak. Gainera, beheko partean beste 1.845 metro koadro ditu, merkataritza arloko erabilera emateko, hirugarren sektorekoa, alegia.

Infernuaren urbanizazio proiektuaren simulazioa. (Argazkia: Donostiako Udala)
Bideak eta bidegorriak
Bi eremu horiek eraikitzeaz gain, inguruko bideak berrantolatuko eta berrituko ditu udalak. Hain zuzen ere, biribilgune berri batean oinarrituko dira Infernuko bideak: biribilguneak semaforoak izango ditu, eta, hain zuzen ere, gaur egungo semaforodun lotunea ordezkatuko du. GI-20 errepidearen lotunea osatzen duten hiriko sarrera eta irteera bideek bat egingo dute biribilgunean, eta bi lotune berri eraikiko dituzte: batek Infernua Zuatzuko enpresa gunearekin zuzenean lotuko du, eta, besteak, Errotaburuko Xabier Lizardi kalearekin. Alkateak azaldu duenez, “biribilgune horren diseinuari esker, hiriaren erdigunetik zuzenean eta arin sar eta irten ahalko da, puntako orduetan zirkulazio handia duen eremu batean biribilgunean sartzea saihestuz”.
Bidegorriei dagokienez, gaur egun Antiguatik Infernura iristen den bidegorri bat dago, Ibaetako campusetik pasa ostean, Xabier Lizardi kaletik Infernura iritsi eta bertan amaitzen dena. Hain zuzen ere, bidegorri horri jarraipena emango dio udalak, Infernu osoa zeharkatuta, Zuatzuko enpresa guneraino heltzeko. Udalak nabarmendu du bideen berrantolaketa horrek oinezkoentzako irisgarritasuna “hobetzen” duela: “Bai egiten den ibilbide kopurua handitzeagatik (Xabier Lizardi kalea luzatzean, errekaren ondoan parke lineala sortzean, eta abar), bai ibilbide horien kalitatearengatik”.
Bestalde, udalak azaldu du Infernuaren urbanizazio proiektuaren beste helburuetako bat dela auzunea zeharkatzen duen ubidearen “balio nabarmentzea”. “Planteatutako irtenbidea ubidearen inguruaren hobekuntza da, eta aire zabalera aterako da”, zehaztu du udalak; izan ere, ubidearen zati handi bat lurpean dago gaur egun.