Intxaurrondoko Elvira etxea eta bere kapera arriskuan daudela salatu du Ancorak
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak salatu duenez, Intxaurrondo kaleko 38. zenbakiko Elvira etxea eta bere kapera arriskuan daude, ez baitaukate babesik, nahiz eta Ancorak hainbatetan eskatu izan duen. “Ordea, eraikina 2.300 metro koadroko lursail desiragarri batean dago, non eraikin berriak egingo dituzten”, gaineratu du elkarteak. Kapera desakralizatuta dago, baina Ancorak nabarmendu du oso egoera onean dagoela, eta, gainera, etxerik gabeko pertsonentzako babesleku izan dela azkenaldian. Gainera, eraikina babesteko beharra aldarrikatu du Ancorak, azkenaldian inguruko zenbait eraikin suntsitu dituztelako: “Cristeta etxeko kapera, Villa Sacramentoko eliza eta Aingeru Zaindarien eliza”.
“Galera honek, beste behin, agerian uzten ditu berrikusi berri duten EHOBPB-ren gabeziak, baita udal gobernu honen ondarearekiko sentsibilitate falta erabatekoa ere”, salatu du Ancorak.
Etxea 1893an eraiki zuen Juan Crisostomo Torbado arkitektoak, eta kapera 1929an gehitu zioten, Itxaropenaren ahizpen ordena erlijiosoak hala aginduta; Domingo Agirrebengoa arkitektoak diseinatu zuen.