Lanuzteak egingo dituzte ostegunean erresidentzietako langileek
ELA eta LAB sindikatuek antolatuta, lanuzteak egingo dituzte ostegunean Gipuzkoako erresidentzietan. Iragarri dutenez, Aldundia eta patronalak Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) biltzeko deia egingo dute, duela lau urtetik datorren gatazka baten “negoziazioa suspertzeko”. Horren harira, sindikatuen kontzentrazioa LHKren Donostiako egoitzaren aurrean izango da, 11:00etan.
ELAk ohar baten bidez adierazi duenez, “257 eguneko grebaren ostean”, egoera gero eta okerragoa da, pandemiak “lehen ere prekarioak ziren lan-baldintzak okertzea” eragin baitu. LABek, bere aldetik, beste ohar batean azpimarratu duenez, “hau ez da langileen eta patronalaren arteko lan-gatazka soila, Gipuzkoako gizarte osoari eragiten dion gai soziala baizik”. Haren ustez, bai Aldundiak eta baita patronalek ere, “irtenbideak bilatu beharrean, betikotu egiten dute urgentziazko egoera hori, lehentasuna ematen baitiote elite ekonomikoaren onurak handitzeari eta gastu soziala murrizteari”.