Sutea piztu da Jai Alain, eta pertsona bat atxilotu dute
Sute bat piztu da Jai Alai inguruan, Egiako galtzadaren 55. zenbakian, 07:50ak aldera. Suhiltzaileak bertaratu dira, eta sua itzali egin dute dagoeneko. Martin Ibabe Segurtasuneko zinegotzia ere hara joan da, eta azaldu duenez, “sua nahiko handia” zen, eraikina egurrezkoa baita. Eraikina okupatuta egon ohi zela adierazi du Ibabek. Suhiltzaileek han jarraitzen dute, eta zirkulazioak moztuta jarraitzen du. Udalak azaldu duenez, “ziurrenik” egun osoan egongo da moztuta, eta inguruko bizilagunak Zuhaiztitik sartu beharko dira; semaforoak jarri dituzte horretarako. Egiaztatu dute ez dagoela zauriturik, baita barruan ez zegoela inor ere.
Era berean, azaldu du “pertsona batek” eragin duela sua, eta, hain zuzen ere, Ertzaintzak pertsona hori, 24 urteko gizona, atxilotu egin duela. Egiaztatzen ari dira atxilotutako pertsona den sua eragin duena, baina zinegotziak ia ziurtzat jo du bera dela sua piztu duena. Ikerketa Udaltzaingoak darama.