Udalak ia 1,5 milioi euro inbertituko ditu udaletxean Turismo Bulegoa jartzeko
Donostiako Udalak duela bi urte baino gehiago, 2020ko urtarrilean, onartu zuen hiriko Turismo Bulegoa udaletxean bertan jartzeko proiektua, eta lanak gauzatzeko kontratazio espedientea onartu du orain. Lizitazioaren aurrekontua ia 1.460.021 eurokoa da, eta kontratuaren adjudikazioa lortzen duen enpresak zortzi hilabete izango ditu proiektua gauzatzeko. Eneko Goia alkateak azaldu du aurreikusten dutela kontratua sei hilabetean adjudikatzea.
Turismo Bulego berria 886 metro koadroko espazio batean kokatuko dute, baina bulegoak 651 metro koadro hartuko ditu, bere zerbitzuak eskaintzeko. Erabiltzaileen arretarako gune bat, bulegoen gunea eta hainbat gela izango ditu, baita biltegi gune bat ere, sotoan.
Bestalde, Goiak nabarmendu du bulegoak bere sarbide propioa izango duela. Hain zuzen ere, gogoratu du garai batean udaletxeak ate bat zuela Bulebarraren eta Hernani kalearen arteko izkinako aldean, eta, hain zuzen ere, ate hori berreskuratuko dute bulegoarentzat. Horrez gain, alkateak esan du du bulego berriarekin egungo bulegoaren alokairua aurreztuko duela udalak: “Bulebarrean dago gaur egun Turismo Bulegoa, gure jabetzakoa ez den lokal batean, eta alokairuak suposatzen duen gastua gainetik kentzea erraztuko du”.