Euskal Itsas Museoak udaberriko 'Ontziratu zaitez' topaketak aurkeztu ditu
Amets Arzallus bertsolariaren eta Ander Izagirre kazetariaren arteko lehen topaketak izandako arrakastaren ondoren, Euskal Itsas Museoak Ontziratu Zaitez topaketak egingo ditu udaberrian. Tromelin. Esklabo ahaztuen uhartea erakusketarekin du lotura, eta jarduera programa zabala prestatu dute.
Hilabete bakoitzeko azken asteazkenetan, Xabier Alberdi museoko zuzendariaren eta gonbidatu baten arteko topaketak egingo dituzte –guztiak 19:00etan izango dira Euskal Itsas Museoaren egoitzan–. Arkeologia eta esklabotzaren inguruko gaiak landuko dituzte, euskal itsas historiaren beste alderdi batzuk ezagutzera emateko helburuarekin.
Lehen topaketa hilaren 30ean egingo dute, eta gonbidatua Alvaro Aragon izango da. Historian doktorea da eta EHUn Erdi Aroko Historia, Historia Modernoa eta AEBetako Historiaren Departamentuko irakaslea da. Euskal Herrian izandako mugaz haraindiko erlazioez eta esklaboen trafikoaz hitz egingo dute.
Bigarren topaketa apirilaren 27an izango da, eta gonbidatua Iosu Etxezarraga. Historialaria eta arkeologoa da. Kanadako eta AEBetako XVI-XVIII. mendeetako euskal arrantzaleen aztarnen bila egindako espedizio arkeologikoei buruz hitz egingo dute.
Azkenik, hirugarren topaketa maiatzaren 18an egingo dute Ander Arrese arkeologoarekin. Espedizio arkeologikoa Islandian: 1615ean hildako euskal arrantzaleen pezioen bila lelopean elkartuko dira.