Korrika Txikia eta Mihiluze herrikoia, besteak beste, Añorgako Korrikako egitarauan
Añorgak ere egitarau zabala prestatu du Korrikaren inguruan, eta apirilaren 1ean emango diote hasiera ikastolan bertan. 10:30ean Korrika Txikia egingo dute eta 15:00etan Amassorraingo ikasle eta añorgatar gaztetxoen arteko topaketa antolatu dute.
Apirilaren 8an Mihiluze erraldoia egingo dute, nahiz eta oraindik tokia zehaztu gabe dagoen. 18:00etan lehenengo kanporaketa jokatuko dute, 18:30ean bigarrena, eta azkenik, finala 20:00etan jokatuko dute.
Hurrengo egunean, Harrobiaren plazan, 16:30ean HHtik LHra bitarteko haur eta gaztetxoentzat jolasak antolatu dituzte. 18:00etan Marsel magoaren txanda izango da, eta 19:00etan txokolatada eder batez gozatzeko aukera egongo da. Festa girotzeko, 19:30ean Biren taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du.
Azkenik, Korrikaren amaiera egunean, apirilaren 10ean, 07:15ean Añorgako kilometroan korrika egingo dute guztiek batera (non izango den zehazteko dago) eta ondoren, Donostiara abiatuko dira festak han jarrai dezan.