Mojo Hand talde donostiarrak bere azken kontzertua eskainiko du asteburuan
Mojo Hand blues eta rhythm & blues talde donostiarrak amaitutzat eman du bere ibilbidea, eta azken kontzertua eskainiko du larunbatean, hilaren 26an, Parte Zaharreko Altxerri tabernan. Emanaldia 20:00etan izango da, eta sarrerak Altxerrijazzbar.com webgunean daude salgai, 10 euroren truk; sarrerarekin batera, taldearen diskoa oparituko dute.
Gorka Azpiroz abeslariak, Jon Aira gitarra jotzaileak, Fernando Neira baxu jotzaileak, Karlos Aranzegi bateria jotzaileak eta Paul San Martin piano jotzaileak osatzen dute 2016an Donostian sortutako taldea. Hiriko zein inguruko herrietako hainbat tabernatan eta aretotan jo izan dute euren ibilbidean zehar, baita jaialdi garrantzitsu batzuetan ere: Jazzaldian eta Mojo Workin jaialdian, esaterako.
Disko bakarra kaleratu dute urteotan, taldearen izen berekoa, 2019an. Hain zuzen ere, disko hori da larunbateko kontzertuaren sarrerarekin oparituko dutena. Hamaika abesti ditu lanak: musika beltzaren historiako hamar klasiko —besteak beste, Taj Mahalen She Caught The Katy, Chuck Berryren Carol eta Rufus Thomasen Walking The Dog— eta taldeak propio idatzitako bat: Dead husband. Diskoa Spotify plataforma digitalean entzun daiteke osorik.