Espainiako Gobernuak Saharari buruz hartutako erabakia salatu dute Donostian
Saharako ordezkaritzak antolatuta, herritar ugari Donostiako Pio XII.aren plazan elkarretaratu ziren asteartean, Mendebaldeko Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea defendatzeko eta Espainiako Gobernuak berriki hartutako jarrera salatzeko.
Hain zuzen ere, nazioarteko zuzenbidea alde batera utzita, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gutun bat bidali berri dio Marokoko erregimen autoritarioari, atea irekiz Mendebaldeko Sahara Marokoko Estatuaren autonomia bat gehiago izateari; alegia, Marokoren alde jarri da Espainiako Gobernua. Gogorarazi behar da Espainiako Estatua dela oraindik Mendebaldeko Saharako lurraldearen kudeatzailea, eta deskolonizazio prozesua amaitu gabe dagoela oraindik.
“Mendebaldeko Sahara ez da Marokoren lurralde osotasunaren parte, deskolonizatzeko zain dagoen lurralde ez-autonomoa da, eta Nazio Batuek bere eskubidea aitortzen diote”, defendatu zuten manifestariek. “Espainiak, okupatzaile marokoarrari laguntzeko legez kanpoko jarrerarekin, konplikazio gehigarriak ditu NBEk Mendebaldeko Saharan duen bake prozesurako, lehentasuna Marokoren eta Fronte Polisarioaren artean zuzeneko negoziazioak egitea denean, aldez aurreko baldintzarik gabe”, gaineratu zuten.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak mobilizazioan egindako irudien bilduma: