Maria Elorza zinemagilearen lehenengo film luzea urte bukaeran estreinatzea aurreikusten dute
Donostian bizi den Maria Elorza (Gasteiz, 1988) zinemagileak zuzendutako lehen film luzea prestatzen ari da Txintxua Films ekoiztetxea. Une honetan, A los libros y a las mujeres canto izeneko pelikula Malagako Zinemaldiko Work In Progress (WIP) jaialdian ari dira aurkezten Marian Fernandez eta Koldo Almandoz ekoizleekin batera, eta jakinarazi dutenez, urte bukaeran edo 2023 urtearen hasieran estreinatzea aurreikusten dute.
IRUTXULOKO HITZA Marian Fernandezekin harremanetan jarri da A los libros y a las mujeres canto filmari buruzko xehetasun gehiago eskuratzeko, eta berak jakinarazi duenez, proiektua postprodukzio fasean dago une honetan. “Orain soinua eta kolorea bezalako gauzak lantzen ari gara. Laster egongo da bukatuta eta gero zinemaldi desberdinetan mugitzen hasiko gara. Urte bukaeran edo datorren urte hasieran estreinatzea gustatuko litzaiguke”, adierazi du Fernandezek.
Txintxua Films-ek, orain arte, hiru film labur egin ditu Elorzarekin: Gure Hormek, Ancora Lucciole eta Quebrantos. Film luze honekin ordea, Elorzak ibilbide profesionalean pauso handi bat eman duela uste du Fernandezek. “Oso garbi dago Mariaren proiektu bat dela, bere zigilua darama”, gehitu du.
A los libros y a las mujeres canto filmeko protagonistak 60 urte inguruko lau emakume dira, eta guztiek oso erlazio berezia dute liburuekin. “Emakume bati ia Hegazkin deitu zioten. Beste batek liburutegi frantziskotar bat gordetzen du biltegi batean. Beste batek hatz bat hautsi du bere liburu-dendako apal gaiztoetan. Zigarrogileek irakurketak entzuten dituzte lanean ari diren bitartean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei abesten diet: Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakumezko armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimo bat da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa“, dio sinopsiak.
Proiektua Zinebi jaialdiko Networking atalean aurkeztu zuten iaz (oraindik bukatuta ez dauden filmentzako atala) eta Zinebi Networking saria irabazi zuten. Dirulaguntza horrekin eta Eusko Jaurlaritzako beste batekin lortu dute pelikula ekoiztea. Orotara, 221.000 euroko aurrekontua izan du.