Niza hoteleko igogailua, hiriko zaharrena

Atzo, hilaren 23an, nazioarteko egun bitxi horietako bat izan zen: igogailuarena. Eta, hain zuzen ere, ba al dakizue zein den Donostiako igogailurik zaharrena? San Martin Auzoa auzo elkarteak sare sozialetan atzo jakinarazi zuenez, Zubieta kaleko Niza hotelekoa da.
Hain justu, 1911koa da igogailu hori, Schlinder etxekoa. Hau da, hotela ireki eta hiru urtera jarri zuten –1908an ireki zuten Niza hotela–, eta gaur egun funtzionamenduan jarraitzen du, bezeroek erabiltzen duten igogailua da. Hotela bera ere Donostiako zaharrenetarikoa da, eta bitxikeria gisa, 1970etik aurrera, Eduardo Txillida eskultorearen eskuetan egon zen. Hedabide honek hotelaren historia errepasatu zuen duela urtebete, Atzera Begira atalean.
Hemen dituzue igogailuaren zenbait argazki:

Niza hoteleko igogailua, hotelaren sarreran. (Argazkia: Beñat Parra)

Niza hoteleko igogailuaren barruko xehetasun bat, non igogailua noizkoa den jartzen duen. (Argazkia: Beñat Parra)

Niza hoteleko igogailua, 1911koa. (Argazkia: Beñat Parra)