Oihane Otaegi eta Mikel Unanue Genevako Munduko Txapelketan izango dira

Mundu mailako curling federazioak Espainia sartu du 2022ko Munduko Txapelketan, Errusiako Federazioaren ordez. Hori dela eta, Txuri-Berri curling taldeko Oihane Otaegi eta Mikel Unanue donostiarrek Genevan (Suitza) jokatuko den txapelketan parte hartuko dute bikote mistoen kategorian. Apirilaren 23tik 30era izango da txapelketa.
Bikoteak berriki Espainiako txapelketa irabazi du laugarren aldiz. Bikote mistoen Espainiako txapelketako fase finala Jacan jokatu zuten, eta, aurten ere, donostiarrak gailendu dira, finalean Iparpolo Bikobiko Irantzu eta Gontzal Garciari 6-5 irabazita.