'Uda betea' poesia liburua argitaratu du Aritz Gorrotxategi donostiarrak
Aritz Gorrotxategi idazle donostiarrak (Gros, 1975) Uda betea poesia liburua kaleratu du Elkar argitaletxearekin. Liburu honen sorkuntza pandemiako itxialdian “babesleku eta itsasargi” izan ditu Gorrotxategik, eta bide horretan, itsasoa hartu du protagonistatzat. 26 poemek osatzen dute Uda betea, eta bere poeta kutunei egindako omenaldiak ere aurki daitezke bertan: Pavese, Machado eta Leteri, besteak beste.
Aurten idazle gisa 22 urte bete ditu Gorrotxategik, eta 2019an idatzi zuen Amua liburuarekin hasitakoa bukatzea izan da lan honen helburua. “Ez da lehen aldia nire bi libururen artean paralelismo edo senidetasun moduko bat sortzen dela. Bikien sindromeak jota nagoela onartu beharra dut, aurretik ere binilo beraren A eta B aldea diren liburuak idatzi izan baitut. Amua eta Uda betea bikiak dira, baina ez dira berdin-berdinak, bakoitzak bere ezaugarriak ditu”, azaldu du Gorrotxategik aurkezpenean.
Liburuan pandemiaz ezer aipatzen ez bada ere, eragina izan duela aitortu du idazleak. “Itsasoa da liburuaren protagonista, ia alderdi guztietan. Hurbilen ditugun elementuen artean itsasoa, zeruarekin batera, mugagabea da eta itxialdiaren antonimoa. Gogoan dut itxialdia altxatu zenean egin nuen lehenbiziko gauza bizikleta hartu eta itsasoa ikustera joatea izan zela. Gero, bigarren fasean, udalerritik mugitu ezinda geundenean, ni Lezon bizi naiz eta Jaizkibelera igo nintzen behin baino gehiagotan, bizikletaz, itsasoa ikusi ahal izateko. Beraz, liburuan ere badago Jaizkibelera egindako igoaldi horiei eskainitako poema bat”, jakinarazi du.
Horrez gain, liburuan oso presente daude udako oporrak, bidaiatzea, adiskidetasuna eta maitasuna. “Bizipoza kutsatzen duen liburu bat da, nahiz eta momentu dramatiko bat edo beste ere badagoen. Poza tristura bezain sakona dela diot poema baten hasieran, pozaren sakontasuna azpimarratu nahi izan baitut”, nabarmendu du amaitzeko.