"Garrantzitsua da Donostian flamenkoa ikasteko aukera egotea"

Amara Berriko Marinelen plazako El duende de la Sole flamenko eskolak hamar urte bete ditu, eta Soledad Ruz jabearekin luze eta zabal hitz egin dugu Donostian dantza honek sortzen duen interesaren berri eman eta bere ibilbidea ezagutzeko asmoz.
Nongoa zara?
Donostian jaio nintzen, baina malagar erroak ditut. 1970eko hamarkadan immigrazio betean nire gurasoak hona etorri ziren, eta ni hemen jaiotakoa naiz, Amara Berriko Familia Santuaren kalean.
Noiz eta nola hasi zinen flamenkoan?
Gurasoak zaleak ziren, eta nire lehengusu bat artista zen, mundu osoan zehar bidaiatzen zuen abesten eta gitarra jotzen. Etxera etortzen zenean, flamenko soinuak ekartzen zituen, eta, gerora, 14 urterekin, aukera izan nuen berarekin Bartzelonan ikuskizunak eskaintzeko. Inguratu egiten zaituen zerbait da. Aurrerago, profesionala izan nahi nuela erabaki nuen.
Zein da zure ibilbide profesionala flamenko dantzari gisa?
Bartzelonan igo nintzen lehendabizikoz agertoki batera, 15 urterekin, eta 23 urte bete arte horretan lanean aritu nintzen. Gero, Donostiara itzuli nintzen, eta aukera izan nuen Ijitoen Elkartearekin eta La Paquera de Jerez lagun-talde flamenkoarekin lokal honetan lanean hasteko. Lehen, hau La Paquera de Jerez lagun-taldearen lokala zen, eta 1998-1999 urte inguruan flamenkoaren inguruko hitzaldiak eta emanaldiak eskaintzen hasi ginen.
Eta noiz erabaki zenuen flamenko eskola zabaltzeko pausoa ematea?
Ijitoen Elkarteko lehendakaria hil egin zen, eta nik hemen irakasle gisa lan egiten nuenez, lokala hartzeko aukera eman zidaten. Beraz, animatu egin nintzen eta akademia bat sortu nuen. Garai hartan ezjakintasun handia genuen, izan ere, arraroa zen Donostian flamenkoaz hitz egin eta horretaz bizitzea. Baina arriskatu egin nintzen, eta hemen jarraitzen dut.
Zenbat irakasle eta ikasle zaudete gaur egun?
Urtean zehar, hainbat irakasle etortzen dira Andaluziatik, Madrildik eta Bartzelonatik klase magistralak emateko. Orotara, eskolaren ibilbide osoan zehar, 50 irakasle desberdin pasako ziren gutxi gorabehera. Baina beti hemen gaudenak nire ahizpa, Sandra, eta ni gara. Horrez gain, gitarrako irakasle bat dugu eta perkusio tailerrak ere ematen ditugu. Ikasleei dagokionez, 100 inguru direla uste dut.
Zein jende mota animatzen da flamenkoa ikastera Donostian?
Denetarik dago, gazteak eta baita helduak ere. Helduek, agian, sevillar dantzak ikastearen aldeko apustua egiten dute, arinagoak direlako, baina flamenkoa ikastera ere denetarik etortzen da. Eta ez donostiarrak bakarrik, izan ere, Gipuzkoako leku eta adin askotako jendea gerturatzen da. Ez duzu andaluziarra izan behar flamenkoa ikasteko, are gehiago, gehienbat euskaldunak etortzen dira.
Hamar urte egin zenituzten martxoaren 21ean. Nola eboluzionatu du eskolak zabaldu zenutenetik?
Hasiera zaila izan zen. Justu pandemia baino lehen izan genuen jende gehien, eta, orain, pixkanaka gorantz goaz berriro ere. Horrez gain, flamenkoari buruzko ziklo bat dugu, eta ia hilabetero emanaldiak egiten ditugu hemen. Horrela, jendeari guk egiten duguna erakutsi eta flamenkora gerturatzen ditugu ikusleak.
Lehiaketetan parte hartzen al duzue?
2007an Parisen izan ginen, eta bigarren saria eskuratu genuen lehiaketa batean. Ordutik ez gara lehiatu, izan ere, horretarako harrobia egon behar da. 14-15 urte inguruko pertsonak behar dira, eta hemen jende gaztea badago, baina 20 urtetik gorakoak dira. Flamenkoan profesionalizatzeko 13-14 urte izatea komeni da.
Ba al dago Donostian horrelako eskola gehiago?
Nik dakidala, flamenko eskola gisa ezagutzen dena, hau bakarrik dago. Elkarte andaluziarrak asko daude, eta sevillar dantzak eta flamenko klaseak ematen dituzten leku ugari ziur aski, baina ziurtagiriak egiten dituen eskola bakarra gurea da. El duende de la Sole Dantzaren Nazioarteko Kontseiluan sartuta dago, eta flamenko ikasketen ziurtagiriak egin ditzakegu.
Zer behar da flamenkoa ondo ikasteko?
Zaletasun handia, dantza mota zailenetarikoa dela uste baitut. Ez gaitasun fisikoagatik bakarrik, baita musika eta kantu flamenkoaren inguruan izan behar den ezagutzagatik ere.
Zer esan dezakezu flamenkoko iratxoaren inguruan?
Gutxitan ikusi dut iratxoa sortze hori. Nire iritziz, iratxoa zera da, energia edo giro berezi bat jaiotzea flamenkoko abestiak edo gitarra entzun eta dantza ikusterakoan. Konexio magiko bat da, dantzatzen edo kantatzen ari zarenean eta jendearengana iristea lortzen duzunean gertatzen dena. Oilo-ipurdia jartzen zaizu eta ez dakizu zergatik. Jendeari transmititze horri deitzen zaio horrela.
Flamenkoa beste dantza mota batzuekin ere uztartu izan duzu. Zein dantza motarekin?
Dantza afrikarrak, euskal dantzak, dantza garaikidea eta baita musika klasikoarekin ere. Flamenkoa gai da, gauzak ondo eginez gero, edozein eremutan sartzeko. Konplikatua da, adibidez, euskal dantza eta flamenkoak ez dutelako zerikusirik. Euskal dantza goraka egiten da eta flamenkoa lurrari lotuta dago, beraz, dena ondo elkartzeko elkarrekin komunean dutena bilatu behar da.
Sonakay talde donostiarrarekin ere eskaini izan dituzu emanaldiak.
Bai, hasieratik aritu naiz beraien ikuskizunetan flamenko dantzari gisa. Beraiekin ere flamenkoa eta euskal dantzak uztartu izan ditugu, eta oso interesgarria iruditu zait. Hala ere, hori ez da flamenko purua, fusio bat baizik. Nik flamenko dantzari purutzat daukat nire burua, baina gustatzen zait aukera berriak ikusi eta ikastea.
Eskolarekin noraino iristea gustatuko litzaizuke?
Denboran zehar zabalik mantentzea da nire nahia. Belaunaldi berriek flamenkoa Donostian bertan ikasteko aukera izatea gustatuko litzaidake, nik Madrilera joan behar izan bainuen hemen ho- rretarako aukerarik ez zegoelako. Uste dut garrantzitsua dela Donostian ere flamenkoa ikasteko aukera egotea, eta ikasleek kanpora bidaiatu behar ez izatea. Horren ostean, uzten didaten lekuraino iritsi nahiko nuke: proiektu desberdinetan parte hartu, harrobi berria sortu eta koreografiak irakastea gustatuko litzaidake.