'Newroz piroz be!' eguna egingo dute Uliako Mintegietako parkean
Bihar, hilak 26, Herri Kurduaren Aldeko Donostiako Ekimenak egun osoko egitaraua antolatu du Uliako Mintegietako parkean. “Martxoaren 21ean egin ohi dute Newroz kurduen urteberri eguna. Kurduarentzat jaiotza berri baten eta askapen borrokaren sinboloa da”, azaldu dute antolatzaileek.
Parkeko jarduerak 11:30ean hasiko dira. “Lehengo urtean abiatutakoari jarraiki, tailer baten bitartez hausnartuko dugu konfederalismo demokratikoaren inguruan. Ikuskera politiko honek eta autoantolakuntzak gure ingurunean dituzten aurpegi ezberdinak arakatuko ditugu”, nabarmendu dute. Ondoren, bazkaria egingo dute norberak etxetik ekarritakoa partekatuta. 16:00etan, berriz, emakume kurduen borrokaren inguruko hitzaldia emango du mugimendu kurduko emakume batek. 18:00etan kantaldi iraultzailea egingo dute, 19:00etan ekitaldia eta 19:30ean “suaren inguruan” elkartuko dira kurduei elkartasuna adierazteko.