443 positibo atzeman dituzte azken astean Donostian
Koronabirusari aurre egiteko neurriak malgutu egingo dira gaurtik aurrera, positibo guztiek ez dute bakartu beharko.
Azken egunotako koronabirus kasu positiboen datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak, eta Donostian 443 atzeman dituzte azken astean: astelehenean 68, asteartean 84, asteazkenean 68, ostegunean 70, ostiralean 80, larunbatean 31 eta igandean 42. Horrela, hiriko intzidentzia jaitsi egin da joan den astetik: 536,21ekoa da orain, eta 603,65ekoa zen joan den astean.
Gaurtik aurrera are gehiago malgutuko dira koronabirusari aurre egiteko neurriak. Aldaketa nagusiena positiboen bakartzearekin egingo da. Gaurtik, ez dute bakartu beharrik izango asintomatikoek eta sintoma arinak dituztenek. Positibo direnek harremanak murriztu, zaurgarrienen inguruan egotea saihestu eta maskara une oro erabili beharko dute, baina kalera atera ahalko dira. Positiboen kontaktu estuek ere ez dute berrogeialdirik egin beharko.
Proba diagnostikoak ere ez dizkiete pertsona guztiei egingo, soil-soilik pertsona zaurgarriei: esaterako, adinekoei, immunoeskasia dutenei, haurdun daudenei eta gaixotasunen bat dutenei. Egoki ikusten denean, eremu sanitario eta soziosanitarioetan ere egingo dira testak. Baina, oro har, kasu larrienei begirakoa izango da hemendik aitzina COVID-19aren gaineko zaintzaren lehentasuna. Era horretan, pertsona zaurgarrienetan jarri nahi dute arreta eta zaintza, eta haiei bakarrik egingo diete segimendu zorrotza.