50 urte bete dira Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen lehenengo emanalditik
Pasa den ostiralean, hilaren 25ean, 50 urte bete ziren Euskal Herriko pailazo ezagunenek, Txirri, Mirri eta Txiribiton donostiarrek, euren lehenengo emanaldia eskaini zutenetik. 1972ko martxoaren 25ean igo ziren estreinakoz oholtzara, eta hori izan zen pailazo batzuek euskaraz eskaini zuten lehenengo emanaldia. Hain zuzen ere, urteurrenaren harira, pailazo donostiarren irudi historikoak berreskuratu zituzten joan den astean ETB1-eko Ez da posible! saioan.
50 urte ez dira egunero betetzen. Zorionak Txirri, Mirri eta Txiribiton!
— Ez Da Posible! (@EzDaPosibleEITB) March 25, 2022
?? #EzDaPosibleETB! Astelehenetik ostegunera, 21:15etan, #ETB1-en eta @eitb-ko web atarian! pic.twitter.com/FUktV2NwjH
Xabier Otaegi, Jose Ignazio Piter Ansorena eta Txema Vitoria ziren Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak, eta 2012an hartu zuten erretiroa, lekukoa Txirri, Mirri eta Txiribiton gazteei utzita: Fernando Ruizi, Kattalin Ansorenari eta Juanma Zalduari. Gaur egun, Peru Ansorena, Kattalin Ansorena eta Juanma Zaldua dira taldekideak. Hedabide honek pailazo zaharrak zein gazteak elkarrizketatu zituen 2012an, agurraren bueltan.