Donostiako I. Osasun Plana onartu du udal gobernuak
Donostiako Udal Gobernuak Donostiako I. Osasun Plana onartu du, 2025era arte indarrean egongo dena. Planak sei helburu orokor, hemezortzi helburu espezifiko eta 110 jarduera biltzen ditu, hiru arlo nagusitan elkartuta.
Marisol Garmendia Osasun Publikoko zinegotziak honela azaldu du: “Oro har, donostiarrek beren osasunaren eta bizi kalitatearen kontzeptu ona duten arren, errealitatea baldintzatzen duten hainbat faktore daude. Biztanleriaren zahartzea da horietako bat. Donostiako biztanleetatik, % 25ek 65 baino gehiago dituzte, eta ehuneko horretatik, %36 85 urtetik gorakoak dira. Zahartze indizerik handienak Antigua, Erdialdea edo Gros auzoek dituzte”.
Adierazi duenez “herritarren osasuna, ongizatea eta eguneroko zaintza ez da lortzen gobernu arlo edo sektore espezifiko baten lan hutsarekin, baizik eta beren artean eta herritarren jakintzarekin artikulatutako udal politika publiko guztien ekintza sinergikoarekin. Osasunaren ikuspegi hori udal sailen arteko lanaren zeharkakotasunaren oinarria da”.
I. Osasun Plana sortu eta onartu aurretik, hiriko osasunaren diagnostikoa egin zen sei lantegi parte hartzaileren bitartez. “Bertan, osasun arazoak eta lehentasunezko jarduketa arloak identifikatzeko datu garrantzitsuak argitaratu ziren. Saila lanean ari da jada datu horiekin, osasun karpeta bat sortzeko asmoz; bertan, auzo bakoitzeko osasunean eragina duten adierazle eta faktore sozialak islatuta ikusi ahal izango dira”.
Planaren bidez, “zenbait jarduketa eta esku hartze ezartzen dira hiriko auzoetan, ingurune fisiko osasungarriak sustatzeko eta aisialdi osasungarria eta jarduera fisikoa hobetzeko, auzoetako osasuna zainduko duen hiri-eredu baterantz pausuak emanez”.