Interneteko bi orrialdek Kote Cabezudoren bi webgunetako argazkiak erreplikatzen zituzten
Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren laugarren astea hasi da gaur, peritu-probaren hasierarekin. Informatikan aditua den Ertzaintzako kide batek, besteak beste, argazkilariaren webguneen funtzionamenduaren hainbat alderdi tekniko zehaztu ditu. Webgune horietan bere modeloak biluzik agertzen ziren argazkiak zeuden.
Intimitatearen aurkako delituak, sexu erasoak eta iruzurrak leporatzen dizkiote Cabezudori, besteak beste. Fiskalak 121 urteko espetxe zigorra eskatzen du argazkilariarentzat, eta 2.338 urtekoa akusazio partikularrak; azken horrek, izan ere, 200 delitu inguru egozten dizkio. Epaiketa martxoaren 7an hasi zen.
Astelehen honetako saioan, instrukzio-fasean kasua ikertu zuen epaitegiarekin aholkulari gisa aritu zen aditu informatikoak deklaratu du, eta banan-banan azaldu ditu fase horretan egin zituen txostenak, horietako batzuk oso teknikoak eta konplexuak.
Agenteak azaldu duenez, Cabezudoren argazkiak erreplikatzen zituzten orrialde horietako batean, Cabezudoren saioetako “azalak” soilik argitaratzen ziren, eta, ondoren, trafikoa akusatuaren webguneetara bideratzen zen, gainerako edukia bertan baitzegoen. Cabezudoren edukia errepikatzen zuen bigarren orrialdeari dagokionez, lehenengora kopiatzera mugatzen zela esan du.
Adituak, halaber, egiaztatu du Cabezudoren mezu elektroniko bat zegoela, orri horietako bati materiala kentzeko eskatuz, eta, aldi berean, egoerarekin haserre zegoela adieraziz.
Adituaz gain, gaurko saioan biktima batek deklaratu du, ateak itxita, bideokonferentzia bidez. Fiskaltzaren akusazio-idazkiaren arabera, biktima horrek argazki-saioren bat egin zuen Kote Cabezudorekin 2007an, 19 urte zituela. Orduan, auzipetuak neska biluzik agertzen zen irudiak hartu zituen, haren atal intimoenak erakusten zituztenak. Dirudienez, kontratuan ez zioten “behar beste” informazio eman material grafikoarekin egin nahi zuenari buruz. Ondoren, erruztatuak argazki horiek “aldez aurretik ordaindutako” material pornografikoa zuten orrialdeetan partekatu zituen, nahiz eta ustez modeloari esan irudi horiek “ez zirela inorekin partekatzeko”.
Emakume horretaz gain, ateak itxita deklaratu du beste lekuko batek, eta baita Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko presidenteak ere. Presidenteak jakinarazi du inoiz ez dela modelorik edo beste pertsonarik aurkeztu elkarte horretan Cabezudoren lanaren aurkako kexarik azaltzeko. Haren hitzetan, Cabezudoren bazkideak harritu egin ziren kasu hau argitara atera zenean.
Beste une batean, Cabezudoren bi webguneetarako ordainpeko banku-zerbitzuekin “pasabidea” garatu zuen informatikari batek deklaratu du. Gogorarazi duenez, bere irudiak beste atari batzuetara deskargatzen zituzten pertsonak zeudela kexatu ohi zen Cabezudo, eta horrek “galera ekonomikoa” ekartzen zuen bere interesetarako, baina egoera horren aurrean “egiteko asko ez zegoela” adierazi du.