Malagako zinema jaialdian bi sari lortu ditu Maria Elorzak
Zinemagile donostiarraren lehen film luzea prestatzen ari da Txintxua Films ekoiztetxea. A los libros y a las mujeres canto izena du pelikulak, eta Malagako Zinemaldiko Work In Progress (WIP) atalean aurkeztu dute proiektua. Malagan harrera ona izan du proiektuak, eta bi sari lortu dituzte: Espainiako WIP proiektu onenaren MAFIZ saria (Malagako zinema jaialdiko industria atalari dagokiona) eta FIDBA saria (Buenos Airesko Zinema Dokumentalaren Jaialdiko saria) .
Malagako epaimahaiak film “paregabea” dela adierazi du, eta epaimahaikideak “hunkitu” egin dituela esan du. “Premiazko gaiak buru argiz eta umorearekin lantzeagatik. Erakusteagatik eztabaida politikoa modu dotorean eta irmoki egin daitekeela. Lau emakume zoragarriren istorioak ekartzeagatik, eta gogora ekartzeagatik erresistentzia biolentoak ez diren lekuetatik ere egin daitekeela”.
Txintxuak jakinarazi duenez, urte bukaeran edo 2023 urtearen hasieran estreinatzea aurreikusten dute. Txintxua Films-ek, orain arte, hiru film labur egin ditu Elorzarekin: Gure Hormek, Ancora Lucciole eta Quebrantos. Film luze honekin ordea, Elorzak ibilbide profesionalean pauso handi bat eman duela uste du Fernandezek. “Oso garbi dago Mariaren proiektu bat dela, bere zigilua darama”, gehitu du.
A los libros y a las mujeres canto filmeko protagonistak 60 urte inguruko lau emakume dira, eta guztiek oso erlazio berezia dute liburuekin. “Emakume bati ia Hegazkin deitu zioten. Beste batek liburutegi frantziskotar bat gordetzen du biltegi batean. Beste batek hatz bat hautsi du bere liburu-dendako apal gaiztoetan. Zigarrogileek irakurketak entzuten dituzte lanean ari diren bitartean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei abesten diet: Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakumezko armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimo bat da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa“, dio sinopsiak.
Proiektua Zinebi jaialdiko Networking atalean aurkeztu zuten iaz (oraindik bukatuta ez dauden filmentzako atala) eta Zinebi Networking saria irabazi zuten. Dirulaguntza horrekin eta Eusko Jaurlaritzako beste batekin lortu dute pelikula ekoiztea. Orotara, 221.000 euroko aurrekontua izan du.