Amara Berrin modu digitalean jarraituko dute trenbidea lurperatzeko sinadura bilketarekin
Amara Berriko auzo elkartea Morlans eta Loiola arteko trenbidea lurperatu dezatela eskatzeko kanpainan murgilduta dago hilaren 15etik, Atsedena bai, zarata gehiago ez! Morlans-Loiolaren lurperatzea orain! lelopean. Bi sinadura bilketa egin dituzte azken asteotan, eta 1.000 sinadura inguru bildu dituzte guztira: 500dik gora hilaren 19ko asteburuan, eta 400 inguru asteburu honetan. Horrela, ez dute aurreikusi kalean sinadura bilketa gehiago egitea, baina iragarri dute modu digitalean sinatzen jarraitu daitekeela. Hain zuzen ere, auzo elkartearen webgunearen bidez zein amaravecinos@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Auzo elkarteak salatu du gaur egun zarata handia jasaten dutela bizilagunek auzotik pasatzen diren trenengatik, eta etorkizunean gehiago jasango dutela, Lugaritz eta Easo lotzen dituen tunelaren zaharberritze proiektuaren ondorioz. Horregatik abiatu dute kanpaina, eta Eneko Goia alkateak begi onez ikusi zuen proposamena joan den astean.