Elvira etxearen eta bere kaperaren eraisketa geldiarazi dituzte, beirateak gordetzeko
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak eskatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak geldiarazi egin du Intxaurrondo kaleko 38. zenbakiko Elvira etxearen eta bere kaperaren eraisketa, kaperako beirateak erretiratzeko eta Gordailuan gordetzeko. Ancorak behintzat beirateak babesteko eskatu zuen, eraikinak ez baitzuen udalaren babesik, eta aldundiak hala egingo du. Horrela, lanak geldirik izango dira beirateak erretiratu arte. Eraisketa astelehenean ziren egitekoak, hasiera batean.
Ondoko Aita Etxe zaharren egoitzak erosi du eremua, eta zahar egoitzaren beste eraikin bat jarriko dute egun etxea dagoen tokian. Kapera dagoen gunean, aldiz, aparkaleku bat eraikiko dute, lur azpian bi solairu izango dituena.
Etxea 1893an eraiki zuen Juan Crisostomo Torbado arkitektoak, eta kapera 1929an gehitu zioten, Itxaropenaren ahizpen ordena erlijiosoak, Bordeleko Familia Sakratuaren kongregazioaren parte denak, hala aginduta; Domingo Agirrebengoa arkitektoak diseinatu zuen. Gaur egun, desakralizatuta dago, baina Ancorak nabarmendu du egoera onean dagoela, eta, gainera, zaurgarritasun egoeran dauden pertsona askorentzat babesleku izan dela azkenaldian.