Etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzeko proiektu pilotu bat egingo dute
Donostiako Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzeko proiektu pilotua aurrera eramango du. Europako Next Funtsetara aurkezturiko egitasmoetako bat da. Gizarte Ekintza sailak eramango du aurrera proiektua datozen bi urtetan. 337.000 euroko aurrekontua du, eta funtsek kopuru horren %73 finantzatuko dute. Gainerako diru zatia udalak jarriko du.
Eneko Goia alkateak esan duenez, zerbitzuak pausoa eman behar ditu egun dituen ezaugarrietatik harago. “Adineko pertsona batzuek beraien etxeetan ahalik eta denbora gehien egon nahi dute. Hori dela eta, etxez etxeko laguntza zabaltzea eta koordinatzea da helburua. Ez soilik garbiketarako eta zaintza lanetarako. Osakidetzarekin eta ekintza komunitarioekin lan egitea da asmoa”, azaldu du Goiak.
2022an eta 2023an 40 pertsonarekin egingo dute proiektu pilotua. “Esperientzia aztertu, eta dena ondo ateratzen bada, etorkizunean etxez etxeko laguntza proiektu pilotuaren ezaugarrietara egokituko genuke”, esan du alkateak.