Zurriola Maritimo zenaren eraikinaren lehiaketa publikoa abiatu du udalak
Donostiako Udalak onartu du Zurriola pasealekuko 41. zenbakian dagoen eraikinaren –Zurriola Maritimo zena– erabilera lagapenaren lehiaketa publikoa. Baldintza agiriaren arabera, ondorengo erabilera eman ahal izango diote eraikinari: ostalaritza zerbitzua –taberna edo jatetxe bat–, jarduera nautikoekin loturiko prestakuntza ikastaroen zerbitzua eta biltegi funtzioa.
Eraikinak 404 metro koadroko lokala du kaleko solairuan. Era berean, hondartzaren gainean 41 metro koadroko terraza bat du, eta 150 metro koadroko beste terraza bat Zurriola hiribidean. Hondartzako solairuari dagokionez, 183 metro koadroko lokala du. Korridore perimetralerako bi sarbide ditu, hondartzara sartzeko aukera ematen dutenak.
Baldintza agiriak bestelako eskakizunak ere ditu, bete beharrekoak direnak. Adjudikaziodunak ordaindu beharko ditu eraikinean egin beharreko lanak. Udalak aurreikusi du 710.000 euroko inbertsioa egin behar dela, eta prest agertu dira 300.000 euroko ekarpena egiteko.
Araubide ekonomikoari dagokionez, gutxieneko kanon finko bat izango da 30.208 eurokoa lagapenaren lehen hamar urteetarako. Aldiz, 60.000 eurokoa izango da kanona hamaikagarren urtetik aurrera. Horrez gain, kanon aldakorra izango du. Urteko zerga aurreko mozkinen gaineko %4 lehenengo hamar urtetan, eta urteko zerga aurreko mozkinen gaineko %8 hamaikagarren urtetik aurrera.
Lagapenaren iraupena 2033ko abuztuaren 19ra artekoa izango da, eta 2042ko abuztuaren 19ra arte luzatu ahal izango da, betiere udalak ondasuna erabilgarri badu.