Arrantza sare zaharrak futboleko ateetara eraman ditu Sareak proiektuak
Realaren fundazioak duela bi urte inguru abiatutako Sareak proiektuaren lehenengo emaitzak aurkeztu ditu Anoeta estadioan: arrantza sare zaharrak berreskuratu dituzte, birziklatu eta futboleko ateetarako sare bihurtu dituzte. Panthalassa kolektiboarekin, Gipuzkoako Saregileen Elkartearekin, Realaren urpeko atalarekin eta Salto Systemsekin elkarlanean ari dira proiektua garatzen. “Ekonomia zirkularreko proiektu horri esker, itsas hondotik, Gipuzkoako portu eta biltegietatik erabiltzen ez diren sareak berreskuratzen dira, eta birziklatu egiten dira futbol ateetako sare bihurtuz”, azaldu du Realak.
Hain zuzen ere, ur azpian gelditu ohi diren arrantza sare zatiak berreskuratu dituzte, eta portuetan gelditzen diren sare zaharrekin elkartu dituzte, Gipuzkoako Saregileen Elkarteko saregileen lanari esker, futboleko sare bihurtzeko. Dagoeneko probatu dituzte sareak, Kontxan haurrek jokatu ohi dituzten partidetan, baina proiektua harago joango da: “Sareak proiektua hasi berri da, prozesua diseinatu eta haren bideragarritasuna ikusi ondoren, hemendik aurrera sare horiek birziklatzen jarraitzea da helburua, futbol zelaietatik harago ere hainbat helmuga izango dituen bigarren bizitza bat emateko”, nabarmendu du Realak.
Jarraian, Realak Sareak proiektuari buruz zabaldutako bideoa: