Kritiken ondorioz, Loiolako Erriberan eraikitzekoak ziren dorreak txikitzea proposatuko du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritza Loiolako Erriberan eraikitzekoa zen eraikinaren inpaktu fisikoak eta gehiegizko bolumenak sortu duen polemika ikusita, Pedro Jauregi Etxebizitzako sailburuordeak gaur goizean esan du bizitoki zerbitzudun egokitu horien eraikigarritasuna murriztea proposatuko dutela. Hasieran hogei solairuko eraikin bat egin nahi zuten bertan, 120 bizitoki zerbitzudun egokiturekin. Hala ere, kexen aurrean “sentiberak” izaten saiatu direla azpimarratu du sailburuordeak, eta eraikigarritasuna %40 murriztuko dute leku horretan: hogei solairuko erakinaren ordez hamahiru solairuko bat eta zazpi solairuko beste bat egingo dituzte, eta orotara, 90 bizitoki zerbitzudun egokitu eraikiko dituzte.
Nekane Arzallus Hirigintza Sostengarriko zinegotziarekin batera egin du prentsaurrekoa Jauregik, eta Loiolako Erriberako dorreen eraikigarritasunaren murrizketa izan du mintzagai. “Lehenik eta behin, esan behar dut Eusko Jaurlaritzak bizitoki zerbitzudun egokituen sustapenari ekiten dionean, udalek Jaurlaritzari doan eskaintzen dizkioten udal-lurzoruen lagapenetan oinarritzen dela ia beti, horrela aurreikusita baitago EAEko Lurzoruaren Legean. Hirigintzaren aldetik egokia den aztertu ohi dugu, hau da, juridikoki eta fisikoki egokia den. Loiolako Erriberen kasuan, hirigintza aldetik egokia da, eta ez du inolako eragin erantsirik. Plangintzak ematen dion hirigintza-kalifikazioak aukera ematen du, legeak hala baitio, plan berezi baten bidez, planteatzen den bizitoki zerbitzudun egokidunen sustapena bultzatzeko”, adierazi du Jauregik.
Gogoratu behar da Loiolako Erriberan dorreak eraikitzeko planak bizilagunak haserrarazi zituela, eta sinadura bilketa bat abiarazi zutela proiektuaren aurka. Orotara, 1.000 sinadura bildu dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak eraikigarritasuna %40 murrizteko proposatuko duela esanez erantzun die kexa horiei. Hamahiru eta zazpi solairuko bi eraikin horiek eraikitzen hasteko bi urte beharko dituztela aurreikusten du Jaurlaritzak.
Bestalde, Arzallusek jakinarazi du etxebizitzaren Donostiako udal erregistroaren arabera, 2100 eskatzaile daudela zain bizitoki zerbitzudun egokitu bat izateko. Horri erantzuna emateko, hurrengo urteetan mota horretako 567 bizitoki egingo dituzte hirian. Aipatu bezala, Loiolako Erriberan 90 daude hitzartuta, eta Morlansen 160. Etorkizuneko garapenei dagokienez, Manteon 90 bizitoki egitea aurreikusten dute, Martutenen 100, Txomin Eneako 2. fasean 24, Kanpandegin 15, Infernuan 30 eta Matia egoitzaren atzealdean, Añarberen ur deposituaren inguruan dagoen lursailean, 58.
Egun Donostian 704 bizitoki zerbitzudun egokitu daude, eta horietatik 579 Donostiako Etxegintzak kudeatzen ditu. Intxaurrondo, Ibaeta, Antigua eta Aiete auzoetan 283 bizitoki daude 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat. Era berean, 65 urtetik gorako pertsonentzat zuzendutako 296 bizitokiak Ategorrieta-Ulia, Antigua, Ibaeta eta Intxaurrondo auzoetan daude. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza sailaren bidez beste 125 bizitoki zerbitzudun egokitu kudeatzen ditu Intxaurrondon.