'Tektonika' izeneko erakusketa inauguratuko dute Egiako parkean
Garikoitz C. Murua (Donostia, 1978) eta Alicia Martin (Plasencia, 1982) artistek Tektonika izeneko erakusketa inauguratuko dute ostiralean, Egiako Cristina Enea Fundazioaren eraikinean. Inaugurazioa irekia izango da, 17:00etan. Apirilaren 1etik ekainaren 12ra arte egongo da ikusgai, eta Eneko Calvo erakusketa proiektuen arduradunak azaldu duenez, “erakusketa honetan, bi artistek proiektu bateratu bat garatzen dute, ustekabean elkartutako esperientzia propioetatik abiatuta, eta esperientzia horiek iruditeria berri bat sortu arte eboluzionatu dute”.
Lurra zizelkatu eta geruzak osatzen dituzten indar telurikoetan inspiratzen da erakusketa. Lurrazalari, haren zatiei, tolesturei, patroiei eta materiari buruz hitz egiten du, eta haren adierazpen potentzialak pintura jarduerarekin lotzen ditu. Horrela, adierazpen modu bat sortzen da, hausnarketak planteatzen dituena sortze prozesuaren eta hasieratik gure mundua birmoldatu duten ustekabeko gertaeren artean.
Donostiarra tamaina eta formatu desberdinetako hainbat piezarekin dator erakusketara. Haren lana oso lotuta egon da beti zirkuluaren irudiarekin, forma geometriko horrek berarentzat duen esanguragatik eta horrek zikloekin duen erlazioagatik. Bere esanetan, “ziklo batek ez du amaierarik, jarraitutasuna baizik, eta, erakusketa honetarako, bizi-zikloaren fase desberdinetan dauden lore eta landareak aurrez aurre kokatzen ditut, bizitzari eta heriotzari buruzko gogoeta proposatuz”.
Martinek, bere aldetik, paper gaineko teknika mistoz egindako formatu handiko piezak aurkezten ditu, zura eta metakrilatoa bezalako euskarrietan muntatuak, “mundu mineralaren eta materia piktorikoaren arteko lotura sortuz, ingurune natural aldakor eta zatikatuetan oinarrituta”.