Udalak publizitate instituzionalaren %6,43 baino ez du jarri euskal hedabideetan
Donostiako Udalak bere publizitate instituzionala hedabideetan nola banatzen duen azaldu du EH Bilduko zinegotzi Zigor Etxeburuak, asteazken goizean udaletxean eskainitako prentsaurrekoan. Udaleko sail guztietako arduradunei udal batzordeetan galdetuta eskuratu dituzte datuak, eta honakoak dira: 2021eko publizitate instituzionalaren %93,57 gaztelaniazko hedabideetan jarri zuen udalak, eta %6,43 euskarazkoetan. Zehazki, udalak iaz publizitate instituzionala kontratatzeko erabilitako 496.408 euroetatik, 31.904 baino ez zituen erabili euskarazko hedabideetan (%6,43), EH Bilduk eskainitako datuen arabera. Etxeburuak gogorarazi du EH Bilduk 2020ko urrian iradokizun bat egin ziola udal gobernuari, “publizitate instituzionala gutxienez erdarazko hedabideetan adina kontratatu zezan euskarazkoetan”. 2021eko datuak ikusita, eskaera hori berretsi du orain EH Bilduk.
Kopuru hori, Etxeburuak azaldutakoaren arabera, honako hedabide hauen artean banatu zuen udalak: Berria (8.783,48 euro), Irutxuloko Hitza (6.166 euro), Argia (2.087,50 euro), Aizu! (537,19 euro), Bertsolari (900 euro), Gaztezulo (550 eruro), Hamaika TB (1.650 euro), Euskadi Irratia, Gaztea (bien artean, 11.030 euro) eta Donostia Kultura irratia (200 euro). Beste 464.504 euroak gaztelaniazko hedabideetan jarri zituen udalak, eta El Diario Vasco izan zen publizitate instituzionalean diru gehien jaso zuen hedabidea: 121.340 euro. Hain zuzen ere, kopuru osoaren %24 jaso zuen Vocento taldeko egunkariak, hedabide honek baino ia hogei aldiz gehiago, eta Berria-k baino ia hamalau aldiz gehiago.
Etxeburuak azaldu duenez, udalak Hedabide Agentziaren bidez jartzen du publizitate instituzional gehiena, gastuaren %39 hartzen baitu, 192.657 euro. Agentzia horrek udaleko honako sail hauei ematen die zerbitzua: Alkatetza, Euskara Zerbitzua, Mugikortasun zuzendaritza, Hezkuntzaren eta Gizarte Sustapenaren zerbitzua (Berdintasun, Lankidetza, Giza Eskubideak eta Kultur Aniztasunaren atalak) eta Lehendakaritza zuzendaritza (Herritarren Partaidetzako zerbitzua). Publizitateari dagokionean hizkuntzaren kudeaketa araututa duen udaleko sail bakarra da agentzia hori, baina diruaren %12,24 baino ez zuen jarri euskal hedabideetan: 23.589 euro. Gainontzeko diru guztia hedabide ez euskaldunetan jarri zuen Hedabideen Agentziak, eta, soilik El Diario Vasco-n, euskal hedabideetan jarritakoaren bikoitza jarri zuen: 49.300 euro. Hedabide Agentziaren bidez euskal hedabideetan publizitate instituzionalean gastatutako diru kopurua baxua bada ere, agentzia horren bidez kontratatu zuen 2021ean udalak euskal hedabideetako publizitate instituzionalaren %74; hau da, agentzia horretatik kanpo dauden udal sailek ” ia ez dute euskarazko hedabideetan publizitatea kontratatu”, Etxeburuaren hitzetan.
Zinegotziak gaineratu duenez, Turismo saila izan zen 2021ean publizitate instituzional gehien kontratatu zuen bigarren saila, eta Donostia Sustapena hirugarrena: lehenengoak 137.912 euro erabili zituen, kopuru osoaren %28, eta, bigarrenak 108.883 euro (%24). Ordea, Turismo sailak 137.912 euro horietako %0,84 baino ez zuen jarri euskal hedabideetan (1.158 euro), eta Donostia Sustapenak ez zuen publizitaterik kontratatu euskal hedabideetan, Etxeburuak salatu duenez.
2020ko datuak ere aipatu ditu zinegotziak, eta azaldu du pandemia dela eta, ohi baino askoz publizitate instituzional gutxiago kontratatu zuela udalak urte horretan, baina euskal eta erdal hedabideen arteko desberdintasuna agerikoa dela 2020an ere: “Udal batzordean emandako datuen arabera, 48.100 euro ordaindu ziren 2020an, erdal hedabideetan jarritako hirigintzako publizitate instituzionalarengatik. Euskarazkoetan, ordea, 2.000 euro besterik ez ziren erabili, 24 aldiz gutxiago. Hori zuritzeko, udal gobernuak esan zuen bertan behera utzi zuela errotazio sistema 2020ko martxotik aurrera, COVID-19aren pandemia zela eta”. Izan ere, EH Bilduk azaldu duenez, udalak “errotazio sistema bat” erabiltzen du “herrialdeko beste hedabideetan ere publizitate instituzionala jartzeko, “Donostia ‘plurala’ delako, eta ‘askotariko hedabideak irakurtzen’ direlako. Sistema horrek, ordea, ez du inola ere euskarazko hedabideen alde orekatzen erdal hedabideen alde udal gobernuak egiten duen hautua”. Horrez gain, zinegotziak gaineratu duenez, “erdarazko hedabideetan publizitatea bi hizkuntzetan argitaratzen denez, modulu gehiago ordaintzen ditu udalak”.
Legeak dioena
Etxeburuak gogorarazi du “Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko 10/1982 legeak 5. artikuluan” euskal herritarrei “aitortzen” diela “informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea, funtsezko hizkuntza eskubide gisa”. Halaber, nabarmendu du Donostiako Udalaren Euskararen Plan Orokorrean “argi” adierazten dela “hedabideek euskararen normalizazioan duten funtzioa erabakigarria eta euskal gizartearen kohesiorako funtsezkoak” direla. Gainera, nabarmendu du publizitate instituzionala “informatzeko kanal” bat izateaz gain, “hedabideen finantzabide” ere badela: “Diru baliabide horiek laguntzen dute hedabide sareari indartsu eta dinamiko eusten, eta horrek pluraltasunari eta informazio eskubideari mesede egiten die”.
EAEko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko 6/2010 legeari ere erreferentzia egin dio zinegotziak: “10. artikuluak adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean zabalkundea duten edo egiten diren publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionaletan, euskara eta gaztelania erabiliko dira”. Ordea, Etxeburuaren ustez, “erakundeak ez dira betebehar hori betetzen ari”, eta gogorarazi du 2016an Gipuzkoako Foru Aldundiak ere “erdira murriztu” zuela euskarazko hedabideetako publizitate instituzionala, eta, 2020tik, Iruñeko Udalak “euskarazko hedabideak publizitate instituzionaletik at utzita” dituela.
Jarraian, 2021eko udalaren publizitate instituzionalaren banaketa, EH Bilduk emandako datuen arabera:
- El Diario Vasco: 99.979 euro.
- Ser irratia: 60.480 euro.
- EiTB (Gaztea eta Euskadi Irratia barne): 49.962 euro.
- Teledonosti: 21.881 euro.
- Noticias de Gipuzkoa: 20.881 euro.
- Prisa taldea: 19.790 euro.
- Gara: 10.842 euro.
- Onda Vasca: 8.477 euro.
- Berria: 8.783 euro.
- Sud Ouest: 7.598 euro.
- Onda Cero: 6.255 euro.
- Irutxuloko Hitza: 6.166 euro.
- Cope: 3.497 euro.
- Donostitik: 2.550 euro.
- Estrategia empresarial: 2.500 euro.
- Cadena 100: 2.387 euro.
- Argia: 2.087 euro.
- Hamaika TB: 1.650 euro.
- Radio Marca: 1.000 euro.
- Bertsolari: 900 euro.
- Radio Popular: 602 euro.
- Gaztezulo: 550 euro.
- Aizu!: 537 euro.
- Donostia Kultura Irratia: 200 euro.
Diru laguntzetan murrizketak
Publizitate instituzionalaren aferaz gain, Etxeburuak ere gogorarazi du udalak murrizketak egin dituela euskal hedabideei ematen dizkien diru laguntzetan, pandemia heldu zenetik: “2020ko urrian, Donostiako Udal Gobernuak erabaki zuen hiriko euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak esanguratsuki murriztea 2021eko aurrekontuetan (Irutxuloko Hitza-ri %20 gutxiago, eta Hamaika telebistari %50 gutxiago), COVID-19aren ondorioei aurre egiteko diru baliabideak behar zituela aitzakia hartuta. 2022ko aurrekontuetan ere murriztuta eutsi die laguntza horiei, Donostiako Udalak 2021. urtea aurreikusi gabeko diru irabaziekin amaitu zuen arren (22,5 milioi euro, Eskusaitzetan bi lursail salduta, eta 2021eko ekitaldian udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik diru gehiago jasota)”