Zazpi tona hondakin baino gehiago atera dituzte Urumea ibaitik
Donostiako Udalak Urumea ibaiko garbiketa lanak bukatu ditu. Zortzi egunez aritu dira langileak ibaira botatako mota guztietako hondakinak jasotzen, Mundaiz zubiaren eta Maria Kristina zubiaren artean, mendebaldeko ertzean. Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak adierazi du 7.280 kilo hondakin atera dituztela ibaitik: mikrouhin labeak, lisatzeko oholak, gurpildun aulki bat, somierrak, komun ontziak, itzalkinak eta kutxa erregistratzaile bat, besteak beste.
“Sinestezina da pertsona batzuek ibaia zabortegi gisa erabiltzea, inolako ingurumen kontzientziarik gabe, hondakinak dagokien zabortegira eraman beharrean”, esan du Garmendiak. Operatibo berezian bi langile talde egin dira, eta bakoitza aipatutako zubien alde banatan jarri da. Hiru langile uretan sartuta aritu dira, lan horretarako jantzi egokiekin. Espaloian, beste bi langile poleez arduratu dira hondakinak igotzeko. Operatiboa osatzeko, langile bat hondakinak ibilgailu batean kargatzeaz arduratu da, San Markosera eramateko. Bertan, behar bezala sailkatu eta zabortegira eraman dituzte.
Lanak itsasbeheran egin dituzte, hondakinak hobeto bilatu, erretiratu eta langileen segurtasuna bermatzeko. Egunean, batez beste, 910 kilo hondakin kendu dituzte ibaitik. Lehenengo egunean bildu zituzten hondakin gehien (1.540 kilo), eta azken egunean gutxien (400 kilo).