Espetxe zigorrak ezarri dizkiete 13/13 auziko lau auzipeturi
Zazpi auzipetuetako lau zigortu dituzte, eta hiru absolbitu.
Manifestazioa Donostian, 13/13 epaiketaren aurka, 2021eko uztailean. (Argazkia: Beñat Parra) 13/13 epaiketako auzipetuak sententziaren zain gelditu ziren iazko azaroan, baina iritsi da eguna: Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxe zigorrak ezarri dizkie Arantza Zuluetari (7 urte eta sei hilabete) Jon Enparantzari (lau urte), Naia Zuriarraini (hiru urte eta sei hilabete) eta Iker Sarriegiri (hiru urte eta egun bat). Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo absolbitu egin dituzte. Hiru donostiar daude auzipetuen artean: zigortuak izan diren Enparantza eta Sarriegi, eta absolbitua izan den Redondo. Epaiketa hasi zenean, Juan Mari Jauregi donostiarra ere bazegoen auzipetuen artean, baina iazko irailean zendu zen.
Zuluetari lau urteko zigorra ezarri diote “erakunde terroristako kide” izateagatik, eta beste hiru urte eta sei hilabetekoa “armak eta lehergaiak edukitzeagatik”. Enparantza, Zuriarrain eta Sarriegi, aldiz, “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta ezarri dizkiete zigorrak. Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi duenez, atzerapenengatiko aringarria onartu diete.
Uztailean hasi zen
13/13 auziko polizia operazioa 2010eko apirilean egin zuten, eta presoen defentsan aritzen ziren hamahiru pertsona atxilotu zituzten, tartean zenbait abokatu. Lan horren bidez, Halbokako, Koordinazio Taldeko (KT) eta, oro har, ETAko kide izatea leporatu diete auzipetuei. Iazko uztailean abiatu zuten epaiketa, eta azaroan amaitu zen. Jose Perals fiskalak Zulueta eta Enparantza “ETAko buru” gisa akusatu zituen; Zuriarrain eta Sarriegi, “ETAko kide” gisa, eta Saioa Agirre eta Nerea Redondo, “laguntzaile” moduan. Zelaraini akusazioa erretiratu zion. Guztira, 66 urteko espetxe zigorrak eskatu zizkieten sei akusatuei, argudiatuta ETA ez zela desagertu. Jakina denez, ordea, ETAk 2011n iragarri zuen jarduera armatuaren behin betiko etena, 2017an armagabetu zen eta 2018ko maiatzean desegin egin zen. Dena da ETA ideiaren mende abiatutako prozesu judizialetan azkena izan beharko luke 13/13 auziak.
Euskal Herriko eragile sozial eta politiko ugari epaiketaren aurka agertu izan dira hasi zenetik, “anakronikoa” dela argudiatuta, denboraz kanpo dagoela, alegia. Era berean, zuzenbidearen arloko 100 adituk baino gehiagok ohar bat argitaratu zuten, prozesuan izandako irregulartasunak salatzeko; besteak beste, salatu zuten pertsona bat gertaera beragatik behin baino gehiagotan zigortu ezin izatearen non bis in idem printzipioa urratu zitzaiela akusatu batzuei.
Zulueta eta Enparantza, esaterako, 2019an ere zigortu egin zituzten, 11/13 auzian; 47 akusatuetatik, espetxera joan ziren bakarrak izan ziren, beste 45ek kartzela saihestearen truk. Hiru urte eta zortzi hilabeteko zigorra jaso zuen Zuluetak, erakunde armatuko zuzendaritzako kidea zela onartuta. Epaiketan gaia argitu zuen Zuluetak berak: “Asumitu nuen abokatuen kolektiboko kidetza, 1989tik hartu baitut parte horretan. Perspektiba horretatik onartu nuen KT-rekiko kidetza, presoak momentu horretan egiten ari ziren eztabaida koordinatzearen perspektibatik”. Enparantzari bi urte eta zazpi hilabeteko zigorra ezarri zioten orduan.
Torturak ere salatu dituzte 13/13 auziko auzipetu batzuek: Zuriarrainek eta Agirrek epaimahaiaren aurrean kontatu zituzten atxiloaldian jasotako tratu txarrak eta eraso sexualak: indarrez biluztu, ukitu, iraindu eta jo zituztela salatu zuten, besteak beste.


