Fiskalak 250 urtera igo du Kote Cabezudorentzako zigor eskaria
Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketako Jorge Bermudez fiskalak bere zigor eskaera bikoiztea erabaki du ostegun honetako saioaren ostean, 250 urteetaraino, gutxi gorabehera. Saioaren ondoren kazetariei egindako adierazpenetan jakinarazi du hori fiskalak, eta zigor eskari zehatza jakinarazi ez badu ere, esan du “250 urte ingurukoa” izango dela. Orain arte, 121 urteko zigorra eskatzen zuen fiskalak.
Cabezudo salatu duten emakume gehienek erasoekin lotura izan dezaketen arazo psikologikoak garatu zituzten gerora, gaurko epaiketan psikologo forentseek eta psikiatrek aurkeztu dituzten txostenek agerian utzi dutenez. Horretan oinarrituta hartu du erabakia fiskalak, “neska batzuen kasuan delitu gehiago ikusi dituelako edo beste batzuen kasuan delitu berdina baino astungarri batzuekin, eta abar”, Oihana Ezkerrok, akusazio partikularreko Mario Diez abokatua laguntzen duen abokatuak hedabide honi azaldu dionez. Akusazio partikularrak, auzibideko hamasei emakumeetako hamalau ordezkatzen dituenak, 2.338 urteko espetxe zigorra eskatzen du Cabezudorentzat, sexu abusuekin, erasoekin eta haur pornografiarekin zerikusia duten 200 delitu inguru leporatuta.
Berria egunkariak argitaratu duenez, Cabezudok grabatutako bideoak froga gisa aurkeztu dira gaurko saioan, eta horiei esker erasoak egin ziren data zehatza jakin ahal izan dute. Horrek, erasoak gertatu ziren momentuan biktimaren adina zein zen zehaztu du; hain zuzen, biktimetako batzuk adin txikikoak zirela frogatu ahal izan du akusazioak. Era berean, frogatu ahal izan dute erasoetako batzuk ez zirela behin bakarrik egin. Horiek aintzat hartuta, zortzi bortxaketa egotzi dizkio fiskalak Cabezudori.