Maratoi Erdian parte hartzeko 2.600 lasterkari inguruk eman dute izena
21 kilometro ditu Donostiako Maratoi Erdiak, eta 21. aldiz egingo dute igandean, apirilaren 3an. 10:00etan abiatuko da Bulebarretik, eta leku berean izango du helmuga. Gaur goizean egin dute Maratoi Erdiaren aurkezpena, eta aurreratu dute 2.600 lasterkari inguruk eman dutela izena. Bi ibilbide egiteko aukera izango dute: 21,97 kilometro –1.500 lasterkarik eman dute izena– eta 10 kilometro –1.000 lasterkari inguruk eman dute izena–. Iaz urrian egin zuten lasterketa, pandemiarengatik. Orduan pertsona gehiagok eman zuten izena.
Asteburuko eguraldi iragarpena ez da ona, eta horrek partaidetzan eragina izan dezakeela azaldu dute Martin Ibabe Kiroletako zinegotziak eta Iñigo Elarre antolatzaileak. Horrela ere, adierazi dute mailako oneko lasterkariak etorriko direla, eta errekorren bat egon daitekeela gizonezkoen eta emakumezkoen kategorian. Elarrek nabarmendu du emakumeen partaidetzak gora egin duela, eta izena eman dutenen %40 direla aurten. Bestalde, 10 kilometroko lasterketa Unai Arroyoren omenezkoa izango dela esan dute, duela gutxi Gipuzkoako errekorra egin zuelako distantzia horretan.
Igandean parte hartzaileek eta antolatzaileek Dbuseko autobusak doan erabili ahal izango dituzte 07:30etik 11:30era, eta publiko orokorrak 10:00etatik 12:30era.