Teresa Alonso, 97 urteko donostiarra, 'Matrioskas. Las niñas de la guerra' pelikulako protagonista
Teresa Alonso donostiarra Egia auzoan bizi zen 36ko gerra hasi baino lehen. Gaur egun, 97 urterekin, Bartzelonan bizi da, baina bere bizitzak bira asko eman ditu gerrako haur bat izan zenetik. Zinemara iristeko aukera ere izan du ‘Matrioskas. Las niñas de la guerra’ pelikularen eskutik, eta pertsonaia nagusiaren papera bete du bertan. Larunbatean, 12:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian ikusi ahal izango da pelikula, 19. Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan. Bestalde, Alonsoren historiari buruzko erreportajea aste honetako astekarian eta webgunean irakurtzeko aukera izango duzue bihartik aurrera. Hona hemen aurrerapen bat:
Familia apaleko donostiarra da Alonso. 1936an Bilbora joan zen ama eta ahizparekin, eta 12 urterekin Gernikako bonbardaketaren kasualitatezko lekuko izan zen. 1937ko uztailean Santurtzitik Sobietar Batasunera eraman zuten Havana zamaontzian, eta han ezagutu zuen bere bizitzako maitasuna. Alonsok Leningradeko setioan eman zuen gerra, gorpuak biltzen eta munizio fabriketan lanean. Errusian 20 urtez egon ondoren, Bartzelonan aurkitu zen berriro familiarekin, aita bertara erbesteratu baitzuten. Bartzelonan bizitzea ez zen batere erraza izan berarentzat, bazterkeria handia jasan baitzuen komunismoan hezi zelako. Gaur egun, bertan bizitzen jarraitzen du, eta, hasiera batean Viktoria Eugenia Antzokiko proiekziora etorriko zen ez bazekiten ere, pelikulako zuzendariak, Helena Bengoetxeak, adierazi du azkenean ez dela etorriko, osasun arazoak dituelako.