"100 urteak ospatzeko ideia ona da"
Donostiako Ur Kirolak taldeak Korrikako lekukoa hartuko du bere egoitzatik gertu.
Ur Kirolakek 100 urte betetzen ditu aurten, eta Korrikan parte hartuz ospatuko duzue.
Ur Kirolakek urrian egingo ditu 100 urte, baina 2022an zehar urtemuga hori ospatzeko hainbat jarduera egingo ditugu. Horien artean, estropadak egiteaz gain, ikusi nuen Korrika Donostian bukatuko zela, eta parte hartu genezakeela kilometro bat erosiz. Zuzendaritzan proposatu nuen eta Korrikako koordinatzaileekin harremanetan jarri nintzen. 100 urteak ospatzeko ideia ona dela uste dut.
Ur Kirolaken zein konpromiso duzue euskararen inguruan?
Egiten ditugun komunikazio guztiak elebidunak izaten saiatzen gara, bai barrukoak eta baita kanpokoak ere. Donostiako Udalak euskara sustatzeko duen KEES programan ere hartzen dugu parte, batez ere, entrenatzaileok euskara gure eremuan bultzatzeko.
Lekukoa nork hartuko du, eta zergatik?
Lehendakari ohiak, Iñaki Aranak, eta elkarteko talde gazteenak. Izandakoak eta izango direnak bildu nahi ditugu, eta berez, ez nuke fokua pertsona batean jarri nahi. Beteranoak eta infantilak batuko ditu Korrikak eta lekukoa elkarteak hartuko du.
Zein ibilbide egokitu zaizue?
Loiolako Euskotreneko plazan hartuko dugu Lasalle eskolarekin batera, gero elkartearen aurretik pasako da, trenbide parean joango gara Loiolako kultur etxeraino eta hortik goraka, Egia-gainaraino iritsiko gara.
Zenbat jende aterako zarete?
Urkiko kamiseta jantziko dugu, eta orotara, 40-50 pertsona inguru elkartuko garela kalkulatzen dut. Taldeko kideak, kirolariak, entrenatzaileak eta gurasoak joango gara.