Ametzagaina parkean zegoen gurutze bat desagertu da
Jende askok ez zuen ezagutzen, baina 80 urte zeramatzan Ametzagaina parkeko bidezidor batean ezkutatuta, sastraken artean. 1942an Nicolas Artero Garcia Castelloko (Herrialde Katalanak) zentinelaren omenez jarritako gurutzeaz ari gara. Parkeko bide nagusiaren ondotik doan bidezidor batean zegoen, Txomiñenetik gertuen dagoen parkearen aldean. Artero Polloeko hilerrian lurperatuta dago.
Hain zuzen ere, 1942an, 22 urte zituela, Artero soldaduska egiten ari zen Loiolako kuarteletan, eta fusil tiroz hilda aurkitu zuten puntu horretan; horregatik eraiki zuten hor gurutzea. Ordea, monumentua desagertu egin da, eta soilik oinarria gelditzen da. El Diario Vasco hedabideak eman du desagerpenaren berri, Javier Navascues Loiolako bizilagunaren bidez. Navascuesek hedabide horri azaldu dionez, abenduan ikusi zuen azkenekoz gurutzea zutik, eta duela gutxi ohartu zen dagoeneko ez zegoela han; inguruan bilatu zuen, baina ez zuen gurutzearen arrastorik aurkitu.
Bitxia da Arteroren kasua. Garaiko adituen txostenean “istriputzat” hartu zuten Arteroren heriotza, baina Ion Urrestarazu Parada historia dibulgatzaileak kasua aztertu zuen 2017an, eta istripuaren, erailketaren eta bere buruaz beste egin izanaren teoriak aztertu zituen. Istripuarena “azkar” baztertu zuen, “logikoki”: “Inork ez luke bere burua fusil batekin apuntatuko, fusilak bere kabuz tiro egiteko zain”. Erailketari buruz, posibletzat jo zuen, baldin eta hiltzaileak biktimaren bularrean jarri izan balu fusila, eta, biktimak arma gainetik kentzen zuen unean hiltzaileak tiro egin izan balu; garaiko txostenean azaltzen duten zauriarekin bat egingo luke horrek. Ordea, Urrestarazuren ustez, “txostena baino froga gehiago izan gabe, erailketaren teoriak ez dauka oinarririk”.
Beraz, historia dibulgatzailearentzat, Arterok bere buruaz beste egin zuenaren teoria da “onargarriena”: “Fusilaren kulata lurrean jarri eta belauna bat lurrean jarri ondoren, bularra armaren kanoiaren gainean jarrita –zauriaren lekuan–, besoa luzatuz tiro egin daiteke. Postura horrekin, fusila apur bat okertuta gelditzen da, eta horrek azaldu ditzake Arterok zituen lesioak”.