Auzoko bi euskaltzale ezagun omenduko dituzte Altzan
22. Korrika berezia izango da Altzan, berriki zendutako auzoko bi euskaltzale ezagun omenduko baitituzte. Horretarako, auzokide batzuen artean kilometro bat erosi dute, eta euskaltzaleen senideek hartuko dute lekukoa.
Korrika arrazoi askorengatik da berezia aurten: urtebeteko atzerapenarekin datorrelako eta pandemia osteko lehenengo egitasmo jendetsuenetako bat izango delako, besteak beste. Altzan, ordea, beste arrazoi garrantzitsu batengatik ere berezia izango da: Arantza Hernandez eta Amaia Santesteban omenduko dituztelako.
Altzako Korrika batzordeko Arantza Cerezok azaldu duenez, auzoko bi euskaltzale «ezagun» ziren Hernandez eta Santesteban. Izan ere, Hernandez urte luzez ibili zen Altzako euskalgintzan lan egiten: Bizarrain euskara taldean eta Korrika batzordean, besteak beste. Santesteban, aldiz, urte luzez aritu zen auzoan euskara ikasten, garai batean Herrerako tren geltokitik gertu zegoen AEK-ren Azpil euskaltegi zaharrean.
Berriki zendu dira biak: duela bi urte inguru Hernandez, eta pasa den udan Santesteban. Horregatik, zenbait auzokideren artean kilometro bat erosi dute, bi euskaltzaleak omentzeko.
Gainera, Altzako azken kilometroa izango da Hernandezen eta Santestebanen omenezkoa, eta euren senide batzuek jasoko dute, Bizarrainekoen eskutik. Zehazki, Azpil zaharra zegoen tokian hartuko dute lekukoa, Herrerako tren geltokian.
05:00etan hasiko dira
Korrikarako gogo handiz daude Altzan, omenaldia egin ez ezik, batzuk goizeko ordu txikitan esnatuko baitira. Korrika Donostian hilaren 10eko 07:30ak aldera sartuko bada ere, auzoan lehenago hasiko dira mugitzen. Izan ere, Pasai San Pedro-Trintxerpe-Pasai Antxo ibilbidea egingo du Korrikak 05:00ak aldera, eta kilometro horiek Altzako eragileenak ez badira ere, Korrika Herreratik pasako da tarte horretan, eta Altzako Korrika batzordekoek auzokideei proposatu diete ordu horretan Herrerara gerturatzeko, Korrikara gehitu eta Buenavistaraino joateko: «Nabari dadila guretik ari dela eta altzatarrok prest gaudela». Ondoren, elkarrekin gosalduko dute, 11:25ean Korrika Altzara itzultzen denerako indarrak hartzeko.