"Donostiako eragileekin elkarlanean antolatu dugu Korrika"
Hurrengo asteko igandean Donostian biziko dena euskaltzale askoren lanaren emaitza izango da, besteak beste, AEK-ko Aitziber Otegiren eta Luix Intxausperen lanarena. Antolaketa nolakoa izan den kontatu dute, baita Korrika atzeratu izanak nola eragin duen aztertu ere.
Hemen da 22. Korrika. Nolakoa izan da antolaketa?
Aitziber Otegi (A.O.): 2020ko irailean erabaki genuen 22. Korrika urtebete atzeratzea, baina, ordurako, gauza batzuk antolatuta genituen –ibilbidea, esaterako–, eta, hain zuzen ere, gauza horietako batzuk erabiltzen ari gara orain. Beraz, antolaketa aldetik ez da horrenbesteko lana izan, eta betiko dinamikan gabiltza. Hori bai, jende kopuruari dagokionez, eromena nabaritzen dut, gero eta jende gehiago dago! Beste urteetan, otsailean oraindik nahiko lasai nenbilen, baina, aurten, Gabonetatik bueltan hasi zen mugimendua: posta elektroniko ugari, eta abar. Gu betiko eragileekin harremanetan jartzen hasi aurretik, eskaera ugari genituen. Argi dago jendea oso gogotsu dagoela.
Luix Intxauspe (L.I.): Korrika hemen bukatzeak suposatu du lan gehigarria, eta horren antolaketa ikasturte honetan izan da. Hala ere, nahiko arina izan da, Donostiako eragileekin elkarlanean egin dugulako eta proposamen ugari izan ditugulako mahai gainean. Momentu batzuetan, jarduera gehiegi izan ditugu mahai gainean, eta horrek bere zailtasuna du, baina Korrikarako dagoen gogoa adierazten du. Horrela lan eginez, horrelako zerbait antolatzea fardel handi bat izanda ere, errazago egiten duzu lan, babesa sentitzen duzulako.
Boluntario askok eman dute izena?
L.I.: Txandak osatzen ari gara, eta hiriko eragileak laguntzen ari dira txanda horiek osatzeko: auzoetako batzordeetako jendea, esaterako. Nabaritzen dugu jendeak Korrikarako gogo handia duela. Orokorrean, ekitaldi sozial handi batentzako gogoa dago gizartean, eta, gainera Korrikak atxikimendu emozional handia dauka Euskal Herrian.
Nola eragin zion AEK-ri eta euskalgintzari, orokorrean, Korrika atzeratu behar izanak?
A.O.: AEK-k eta Korrikak nabarmendu nahi izan dute euskarari kalean eman behar zaion garrantzia. Izan ere, pandemiarengatik urtebete atzeratu behar izan dugu Korrika, eta, pandemiarengatik, hain justu, pertsona askoren bizitzetan desagertu egin da euskara, edo, gutxienez, presentzia galdu du. Horregatik, Korrika beharrezkoa da, euskara bere mailan egoteko eta presentzia izan dezan.
Bestetik, Korrikak bi helburu ditu: euskararen presentzia areagotzea eta helburu ekonomikoa. EAEn diru laguntzei dagokienez hobeto egonda ere, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian egoera ez da berdina. Hortaz, derrigorrezkoa da oraindik Korrika egitea, are gehiago pandemia ostean. Horrela, aurten helburua da Euskal Herriko euskaltegi guztiei laguntza ematea.
L.I.: Azkenaldian, hainbat albiste ikusten ari gara euskararen erabileraren inguruan: arnasguneetan erabilera jaitsi da, esaterako. Horregatik, argi dago Korrikak funtzio nagusi bat betetzen duela euskararen normalizazioaren bidean. Askotan, ematen du orain arte egindako lan guztia nahikoa dela, baina azken datuek erakusten dute euskararen normalizazioan tinko eusten ez badiogu hemen ez dela egongo ezer ziurtatuta.