"Ez dugu dirurik, baina kilometroa berdin berdin erosi nahi genuen"
Bidebietako Eltzegor euskal kultur elkarteak urtero erosten du Korrikako kilometro bat, baina aurten ohi baino zailagoa izan da dirua biltzea. Horregatik, janari-edari saskien zozketa bat egin dute auzoko hamar komertziorekin elkarlanean.
Korrikako kilometroa erostea ez da hain erraza izan aurten Eltzegorrentzat. Zergatik?
Eltzegor elkarteak beherakada nabarmena izan du, eta Korrikaren inguruan ezin izan dugu ezer antolatu auzoan. Ez dugu dirurik, baina kilometroa berdin-berdin erosi nahi genuen, eta bururatu zitzaigun auzoko hamar komertziotan janari-edari saski xume bat jartzea, eta 100 zenbakiko panelarekin txartelak saltzea. 450 euro lortu behar ditugu kilometroa erosteko, eta kartelak jarri ditugu gure egitasmoa auzotarrei azaltzeko.
Diru kopuru hori lortu baino lehen erosi duzue kilometroa?
Bai, eta ez badugu diru guztia berreskuratzea lortzen, guk jarriko dugu gure poltsikoetatik. Beste biziorik ez dugu izango, Aste Santuan etxean geratuko gara. [Barrez]
Zein ibilbide egokitu zaizue?
Bidebieta barruan, gutxi gorabehera Mendiola ikastetxe ingurutik kiroldegiraino. Gure aurretik, Bidebietan Valentin auzokidearen kilometroa sartzen da. Salamancakoa da bera, eta urtero erosten du kilometro bat. Auzoko goiko sarreratik eskola horia deitzen diogun eraikinera arte egingo du, hor beste bi gizonezkok hartuko dute lekukoa Mendiolaraino, eta gero gure txanda izango da.
Zenbat pertsona aterako zarete Korrikan eta nork hartuko du lekukoa?
Asmoa da zati bat guk egitea, eta beste zati bat auzotar batek egitea. Eltzegorren zatia 400 bat metro izango dira guztira, eta 200 metro gutako norbaitek egingo ditu. Gero, haurtxoko inguru horretan, oraindik ez dugu izen-abizenik, baina auzoko boluntario batek eramango du.
Zerbait berezia egingo duzue goiz horretan?
Nahikoa izango da korrika egitearekin. Hala ere, giroa alaitzeko, saiatuko gara goizean zehar trikitilariren batekin auzoan zehar ibiltzea 11:45ak arte, orduan sartuko baita Korrika Bidebietan.