Genero indarkeriaren biktimentzako arreta indartu du udalak
Apirilaren 6tik aurrera, Donostiako Udalak genero indarkeriaren biktimentzako arreta indartuko du, lanaldi osoko hezitzaile bat kontratatuz, indarkeria mota horren biktima diren eta udaleko harrera-etxeen erabiltzaile diren emakumeei arreta eta laguntza emateko.
Prentsaurreko batean Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak jakinarazi duenez, dagoeneko existitzen den baliabide bat osatuko dute horrela. “Donostiak sei harrera-etxe ditu genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzat eta euren umeentzat, eta nolabaiteko laguntza jasotzen zuten arren, ohartu gara emakume hauek arreta gehiago behar dutela. Gestio desberdinak egiteko laguntza behar dute, eta baita hezitzaileak beraien ondoan egotea ere”, azpimarratu du.
Kontratazio berri hori 2021erako Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren Funtsarekin lagunduko da diruz. Donostiako Udalaren kasuan, 165.460 eurokoa da funts hori, eta genero indarkeriaren aurkako politikak garatzera eta arlo horretan arreta hobetzera bideratu behar da. Kontratu berria gaur egun Arrats Elkarteak esleituta daukan gizarteratzeko ostatu baliabideetan gizarte eta hezkuntza arretarako zerbitzuaren kontratuaren bidez egingo da, eta urtean 47.189 euro gehituko zaizkio kontratuari.
2018tik aurrera, indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta zerbitzuan hiru pertsona ari dira lanean zuzeneko laguntza eskaintzeko: bi gizarte langile eta psikologo bat. “Lehengo urtean konturatu ginen gizarte hezitzaileetako batek estrukturan hartu behar zuela parte, eta hemendik aurrera ez da dirulaguntzen baitan egongo, hau da, gure apustua pertsona bat bereziki harrera-pisuetan dauden emakumeengana bideratzea izan da”, azaldu du San Romanek.
486 emakume artatu zituzten 2021ean
2021ean 486 emakumeri eman zitzaien laguntza Gizarte Ekintza sailaren indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko programan; haietako bost udalaren harrera-etxeetan hartu ziren. 2020an, 443 emakume artatu ziren guztira (sei harrera-etxebizitzetan), eta 2019an, 362 (hamar harrera-etxebizitzetan).