Hitzetatik ekintzetara pasatzeko Korrika
Atzo hasi zen 22. Korrika Amurrion (Araba), eta hilaren 10ean bukatuko da Donostian, Euskal Herri osoa zeharkatuta eta 2.180 kilometro eginda. Euskaldunek hiru urte itxaron behar izan dituzte euskararen alde korrika egiteko, baina unea iritsi da.
Duela hiru urte, 21. Korrikan, herritarrak Klika egitera deitu zituen AEK-k, euskara erabiltzen hasteko hautua egitera. Behin klik hori eginda, ekintzetara pasatzera deitu ditu aurtengoan, Hitzekin leloarekin: «Hitza eta ekintza elkartzen ditu leloak, hain zuzen ere, hori nabarmendu nahi dugulako, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela, batez ere, konpromisoak hartuta. Ona da jende guztiak euskara ikastea, eta ezagutza egunetik egunera gero eta zabalagoa da, baina erabilera ez horrenbeste. Horregatik, ekintzarekin hori nabarmendu nahi da, euskara erabiltzeko beharra, hain zuzen ere», azaldu du Aitziber Otegik, Donostiako AEK-ko kideak. Gaineratu duenez, «2019ko Korrikan, nolabait, jendeak hautu bat egitea nahi genuen: norberak bere klika egitea, euskara erabiltzen hasteko. Orain, ordea, konpromisoa eskatzen da».
Helburu horrekin ari dira egunotan milaka lagun Euskal Herritik korrika egiten, Nerea Urbizuk eta Sustrai Colinak sortutako Hitzekin abestiaren erritmora. Bederatzi egun barru, hilaren 10ean, bukatuko da Korrika Donostian, goiz osoan hiriko kaleetatik euskararen alde korrika egin ostean.
Hernanitik helduko da
Lasartetik sartu zen Korrika 2019an Donostian, baina, aurten, Hernanitik sartuko da, eta Otegik nabarmendu du «antzeko ibilbidea» egingo duela: «Zatiren bat txikitu dugu, Grosen eta Intxaurrondon, esaterako, baina auzo beretatik pasatuko da».
Galarretatik iritsiko da Añorgara, 07:30ak aldera, eta handik Ibaetara joango da. Segidan, Antigua zeharkatuko du, eta Kontxatik pasa ostean, Erdialdetik ibiliko da. Groserako bidea hartuko du ondoren, buelta emango du, eta Parte Zaharrera sartuko da.
Handik ateratzean, Urbieta kaletik Amarara abiatuko da, ondoren Amara Berrira, hortik Loiolako Erriberara, eta, Urumea ibaia jarraituz, Loiola, Txomiñenea eta Martutene zeharkatuko ditu, Martutenen buelta eman ostean, Egiara igotzeko.
Intxaurrondo izango da bisitatuko duen hurrengo auzoa, Altzara igoko da segidan, eta Bidebietara jaitsiko da ondoren. 2019an, han esan zion agur Korrikak Donostiari, baina, aurten, Bidebietan buelta emango du, eta Mirakruz gaina igoko du, Ategorrietara jaitsiko da, eta Nafarroa eta Zurriola hiribideak zeharkatuta, Bulebarra izango du helmuga.
Beti gertatzen den moduan, aurten ere auzo batzuk Korrikarik gabe geldituko direla deitoratu du Otegik: «Morlansen, adibidez, ez da sartuko, nahiz eta ondotik pasatuko den. Arrazoia da leku beretik sartu eta irten behar duela, eta ez duela ematen». Ildo beretik jo du AEK-ko Luix Intxauspek: «Zaila da batzuetan ibilbidea osatzea, batez ere hirietan, eta, are gehiago bukaera denean. Lasterkerta zaindu behar da, eta zenbait lekutan ez da erraza». Morlansez gain, Otegik gogorarazi du Aieten eta Igeldon ere, esaterako, ez dela sartuko.
Korrika Txikiak eta Gazteak
Korrika Txikiak ere oso errotuta daude Donostian, eta, aurten, hemeretzi izango dira, 21. Korrikan baino hiru gehiago. Gainera, Intxaurrondon eta Altzan Korrika Gazteak ere antolatu dituzte: «Korrika Txikietan parte hartu izan duten eskolei eskaini izan diegu Alderdi Ederreko Korrika Gaztean parte hartzea. Ordea, horretan ezin dute horrenbeste eskolak parte hartu, eta, horregatik, Altzan eta Intxaurrondon planteatu dute DBH-ko hirugarren mailatik aurrerako gaztetxoekin Korrika Gazteak egitea». Altzakoa gaur egingo dute (12:30), eta hilaren 8an Alderdi Ederrekoa (11:15) eta Intxaurrondokoa (12:45).
Korrika Txiki gehienak eskola orduetan egingo dituzte, Ibaetako Ibai ikastolakoa izan ezik: datorren ostiralean, (hilak 8) egingo dute, 18:00etan, espaloitik. Bestalde, Bidebietako Korrika Txikia eta Altzako Korrika Gaztea gaur aterako dira, Altzako Korrika Txikia hilaren 6an, eta gainontzekoak datorren ostiralean, hilaren 8an.
Korrikaren ondoren, festa
Amurriotik abiatutako lekukoa Bulebarrean irekiko dute, eta bertan irakurriko dute mezua, baina 22. Korrika ez da orduan amaituko, egun osoko festa egingo baitute Donostian. Hilaren 10eko gauean, orduan bai, 23. Korrikara begira jarriko da Euskal Herria.
DATUAK
131 lekuko. Horiek izan dira Donostian kilometro bat erosi duten talde, enpresa, eragile, zein norbanakoak. Hortaz, 131 aldiz pasatuko diote elkarri lekukoa hirian zehar. Hala ere, beste hamabi lekuko izango dira, azken kilometroak eragile nazionalenak izango baitira. Hiru garraiolarien sindikatua izango da Donostian lekukoa hartzen lehena, eta AEK nazionala azkena.
16 auzo. Donostiako 16 auzotatik pasako da 22. Korrika.
43 kilometro. Horiek dira Korrikaren ibilbideak hirian zehar egingo dituen kilometroak.
19 Korrika Txiki. Korrika Txikiak egingo dira hiriko auzo gehienetan.
3 Korrika Gazte. Alderdi Ederreko ohiko Korrika Gazteaz gain, Intxaurrondon eta Altzan ere Korrika Gazte bana egingo dute.
41 zentro, 7.500 haur eta gazte. 41 eskolatako eta ikastolatako 7.000-7.500 haur eta gaztek hartuko dute parte Korrika Txikietan eta Korrika Gazteetan.