Korrikaren bukaerako festa Donostian, gunez gune
Elkarlana izan du oinarri apirilaren 10ean Donostian izango den Korrikaren amaierako jai handiak. 11 urte dira Donostian bukatzen ez dela, eta hiriko eragile askok gogo biziz ekin diote antolakuntzari. Lau gune nagusi izango dira, eta beste hainbat ekitaldi solte, Parte Zaharraren inguruan. «Donostiatik Euskal Herrira antolatutako jai bat» izan dute gogoan Korrikaren antolatzaileek.
Donostiako eragileekin, hirian bertan martxan diren dinamikekin eta, «ahal izan den neurrian, Donostiako kultur dinamikek lekua» izango duten egitaraua prestatu dute. Horrela, AEK-koak hiriko hainbat eragilerekin harremanetan jarri ziren, eta eragile horiekin guztiekin batera antolatu 22. Korrikaren azken jaia. Luis Intxauspe aritu da antolakuntza lanetan, eta honela aitortu du: «Oso eskertzekoa da jaso dugun erantzuna, eta oso pozik gaude». Auzoetako euskara batzordeek, Bagera elkarteak, Donostiako Piratek, Ongi Etorri Eskolara dinamikak, Gazte Sortzaileak plataformak eta beste hainbat eragile inplikatu dira, antolatzen, zein proposamenak eginez.
Hamaika eguneko eta 2.500 kilometroko ibilbidearen ostean, igandean, 12:30ean, amaituko da Korrika, Bulebarrean, eta bertan izango da amaiera ekitaldia, lekukoak daraman mezuaren irakurraldiarekin batera. Amaierako ekitaldi honek aurkezleak ere izango ditu, Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrak, hain zuzen ere. Korrikan hasten denetik darama mezua gordeta lekukoak, eta ikusmira handia sortzen du idatziak, ez delako jakiten norena den, ez zer dioen. 13:00etan, Piraten elektro txarangak eta Euskal Herriko batukada feministaren sareak kalejirak abiatuko dituzte guneetara. Jende pilaketak saihesteko proposamena egin dute, 2011n egin zen Donostiako amaiera jaian, «Parte Zaharra kolapsatu» zutela ondorioztatu zutelako. Aurten, beraz, guneak Parte Zaharraren inguruan banatuko dira.
Bulebarra, erakusketak
Bulebarrean amaituko da Korrika, eta, hain zuzen ere, bertan hainbat erakusketa izango dituzte. Korrika munduan erakusketak, «Korrika munduko zenbat tokitan egiten den erakutsiko duen mapa bat izango du»; Korrika ahizpen inguruko erakusketan, beste hizkuntza gutxitu batzuetan egiten diren Korrikak erakutsiko dira: galegoak berea dauka, katalanak ere, galesak, okzitanierak… Egitarauan nabarmentzeko beste ekitaldi bat, 13:30ean egingo den Egunean Behin partida izango da, Bulebarrean bertan, kioskotik: pantaila handi bat jarriko dute, eta jendeak kode bat sartuko du, han bertan zuzenean jolasteko. Horren ondoren, kontzertuak egongo dira gune horretan 16:00etan Alerta Morea eta Kilimak taldeekin.
Alderdi Eder, haur eta familiak
Alderdi Ederren haur eta familientzako egitaraua prestatu dute. Haur eta familientzako ikastaroak egongo dira, Donostiako Xomorro taldearen laguntzarekin: baratze ikastaroa, eraikuntzen ingurukoa, aniztasunaren ingurukoa, zirkuarena, eta abar. 17:00etan, aurtengo Korrikak omendu dituen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia izango da.
Kaia, euskal gunea
Kaian euskal gunea deiturikoa antolatu dute. Alde batetik, bertako produktuen azoka bat egongo da. Bestetik, egitarauari dagokionez, Donostiako Axuri Beltza dantza taldeak emanaldi bat eskainiko du 15:30ean. Jarraian, bertso saioa izango da, eta 18:00ak aldera, Olatz Salvadorrek kontzertua eskainiko du. Azkenik, Trikidantz taldearen erromeriak iluntzea alaituko du.
Zuloaga, gazte gunea Gazteentzako egitaraua Zuloaga plazan izango da. Alde batetik, «beste jatorrietatik iritsitako» artistekin lan egiten duen Auzoko egitasmoaren kantu eta dantza emanaldia izango da. Bestetik, Gipuzkoako Gazte Sortzaileen Sareak aurkezpen ekitaldi bat egingo du eta emanaldi bat prestatu dute. Azkenik, kontzertuak izango dira 16:30etik aurrera. Lamiak eta Mugan talde donostiarrek joko dute lehenengo, eta ETS taldearekin bukatuko da.
Festa sakabanatua
Lau gune nagusiez gain, Konstituzio plazan erromeria izango da 17:00etan, eta, Trinitate plazan herri bazkaria egingo da. Bi txandetan izango da, 13:30ean eta 15:00etan. Han bazkaltzeko txartelak Korrikaren webgunearen bidez eskuratu daitezke. Hiru menu mota izango dira: ‘arrunta’, beganoentzako menua eta haurrentzako menua. Beraz, txartela eskuratzeko garaian, jendeak txanda eta menua aukeratu beharko ditu. Bukatzeko, Gipuzkoa plazan artisauen azoka izango da, eta Elkano kalean, Bulebarra eta Gipuzkoa plazan lotzen dituen zatian, herri eragileen azoka jarriko dugu: Euskal Herrian Euskaraz, Kilometroakek, SOS Arrazakeriak eta Donostiako bestelako hainbat eragilek euren postuak jarriko dituzte bertan.
Protokolo feminista
Donostiako Mugimendu Feministarekin batera eraso matxisten aurkako protokoloa landu du Korrikak. Beste jaietan bezala, telefono bat izango da, eraso bat gertatuz gero hara deitzeko. +34 747 443 804 telefonoa ikusgai izango da pankartetan zein euskarri promozionaletan. Era berean, besoko morea eramango duten boluntarioak izango dira gune guztietan zein kaleetatik, zerbait gertatuz gero, egoera kudeatzeko. Protokoloak gune fisikoak ere izango ditu,hiru puntu more ezarriko dituzte eta: Alderdi Ederren, kaian eta Zuloaga plazan, norbaitek erasoren bat ikusi edo jasaten badu, bertan sala dezan.. Duela hiru urteko Korrikan, 2019an, halako protokolo bat garatu zen estreinakoz. Aurten Donostiako Mugimendu Feministarekin eta Aste Nagusi Piratan protokoloa landu zutenekin elkarlanean garatu dute.